Ia 9.000 euro bildu ditu Usurbilek Errigoraren udaberriko kanpainan

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 17a, 11:23

8.800 euro bildu dira Usurbilen, Errigoraren “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura” kanpainan. Gogoan izan, bildutako laguntzaren zati bat, Nafarroa hegoaldeko euskalgintza suspertzera bideratuko dute.

Covid19-ak eragindako osasun krisialdiak baldintzatu duen Errigoraren azken kanpainako balantzea ezin baikorragoa izan da. Aste hasiera honetan banatu ditu NOAUA! Kultur Elkarteak, konfinamendu aurreko asteetan eskatu zenituzten Nafarroa hegoaldean ekoitzitako produktuak; barazki-kontserbak, oliba-olio bidoiak, arroza eta pasta. 

Guztira, "Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura" kanpainaren baitan, 8.800 euro bildu dira Usurbilen. Zorionak! Hemen NOAUA! Kultur Elkartetik helarazitako datuak; bestela esanda, egin ditugun erosketak zenbakitan:
-990 litro oliba-olio.
-27 zainzuri kaxa. 
-28 piper kaxa. 
-19 orburu kaxa. 
-9 barazki-menestra kaxa.
-19 tomate frijitu kaxa.
-12 arroz kaxa.
-5 potxa kaxa.
-2 krema kaxa. 
-2 pasta kaxa. 

Barazkidun kaxa bakoitzean, produktu bakoitzaren 12 ontzi kabitzen dira. Errigoraren aurtengo kanpainak izan duen harrera beroa neurtzeko biderketak egin besterik ez dago. 

Bi banaketak batean
Konfinamendu bezperatan itxi genuen Errigoraren “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura” kanpainako barazki-kontserbak, oliba-olio bidoiak, arroza eta pasta eskatzeko epea. Banaketa bi txanda ezberdinetan egitea zen asmoa; baina osasun krisialdiak prozesua atzeratu du. Eskatu dituzuen produktu guztiak, azkenean txanda bakarrean jaso ahal izan dira aste hasiera honetan NOAUA! K.E.-ren egoitzan.

Ordainketak ahal den heinean aurrez bideratzea eskatu da. "Herrietan auzolanean dabiltzan kideen lana erraztu eta haien zein zure segurtasuna bermatzeko eskaera online ordaintzea gomendatzen dizugu", Errigoratik ohartarazi zutenez. Eta "zure eta auzolanean dabiltzan kideen segurtasunerako, produktuak jasotzera zoazenean jantzi maskarila eta jarraitu guneko arduradunaren argibideak" aholkatu ziguten. Informazio gehiago, errigora.eus atarian.

Jasotako laguntzaren zati bat, euskalgintzara
Eskabideak aurrez eginak dituztenek aurtengoan ere esku bete produktu eskuratu ahal izan dituzte: oliba-olio birjina estra ekologikoa eta konbentzionala (5 litroko bidoiak); kontserba ekologikoak nahiz konbentzionalak (zainzuriak, pikillo piperrak, orburuak, barazki-menestra, tomate frijitua, arroza, potxak eta kremak. 12 ontziko sortetan eskuragarri), eta pasta ekologikoa (“stock” mugatua, eskaerak errigora.eus bidez soilik). Guztia, “euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan”. Gogoan izan, produktuok salduz jasotako laguntzaren zati bat Nafarroa hegoaldeko euskalgintza suspertzera bideratuko da.