UEU-ren udako 48. ikastaroen baitako Jakin Jardunaldiak

Lau urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute Udalak, UEU-k eta Jakin-ek

Lau urterako lankidetza hitzarmena berritu dute gaur Udako Euskal Unibertsitateak (UEU), Usurbilgo Udalak eta Jakin Fundazioak. Hiru urteko elkarlaneko bidea jorratu dute hirurek, Udalak "zinez balorazio bikaina egiten du orain arteko bideaz. Erosoa, erraza eta gustagarria izan da zuekin aritzea eta gainera zinez aberatsa ere", Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak, UEU-ko zuzendari Kepa Sarasolarekin eta Jakin aldizkariko zuzendari Lorea Agirrerekin batera gaur Potxoenean egindako agerraldian.

Hitzarmena sinatu eta hiru eragileok uztailaren 16-17rako Usurbilen antolaturiko UEU-ren 48. udako ikastaroen baitako Jakin Jardunaldiak aurkeztu dituzte. Jardunaldiok ospatzen segitzea ahalbidetuko du hain zuzen, aipatu lankidetza hitzarmenak. 

Usurbilgo Udalak gune bat eskaintzen segiko die jardunaldi hauei, ez ordea "areto edo ikasgela soil bat", hausnarketari eta ezagutzari eskainitako gunea, "birpentsatzeko eta birformulatzeko", alkatearen esanetan. Garai zail hauetan "asko dugu birpentsatzeko, eta zer esanik ez aldatzeko". 

Bizi dugun krisialdiak "sistema hau biluzik utzi du", Solaberrietaren esanetan. Eta agerian geratu dira, "gizarte honen kontraesan sakonak, gabeziak, ezaugarriak....". Baita lehentasunezkoa eta ezinbestekoa zerk izan behar duen. "Bat-batean konturatu gara zer den garrantzitsua; bizitza, bai gurea eta bai hurkoarena". 

"Etorkizuna irudikatzea dagokigu"
Bizitakotik herri eta gizarte bezala zer ikasia badugula adierazi du alkateak, bereziki "ez dadila dena lehenera bueltatu". Zalantzaz betetako etorkizun ziurgabe baten aurrean aurkitzen garela. Testuinguru honetan ospatuko dira Usurbilen, distopia mintzagai nagusi izango duten aurtengo Jakin Jardunaldiak, duela bi urte utopiez aritu ostean. "Badirudi bat-batean distopian sartuta gaudela, noraezean apur bat. Baina ziur naiz distopioa honek etorkizun hobe baten utopia berria ekarriko duela". Beste eredu eta mundu bat posible dela azpimarratuta, orain "etorkizuna irudikatzea dagokigu".

Eta horretarako ezinbestekotzat jo ditu uztailean Usurbilen batuko diren pentsalariak. "Horra hortaz gure gonbita. Gusto baduzue, Usurbilen ikusiko dugu elkar uztailean. Zuen zain gaituzue", luzatu du gonbita Solaberrietak.

UEU: "Ilusioz begiratzen diogu urte hauei"
Usurbilgo Udalarekin eta Jakin Fundazioarekin sinatzera zihoan lankidetza hitzarmenarekiko poza agertu du aipatu erakundeko zuzendari Kepa Sarasolak. "Ilusioz begiratzen diogu hurrengo urte hauei". Sinergiak bilatzea ezinbestekoa deritzo eta alde horretatik emankortzat jo du hiru eragileon artean sortu den elkarlana, sinergiak bilatzea. 

Datorren hilabetean ere, azken urteotan bezala, "Usurbilen antolaturiko jardunaldi hauetan lortutako arrakasta eta erreferentzialtasuna ekartzera gatoz". UEU-k jardunaldiotan egiten duen ekarpena gogorarazi du; adituen lanak ekoitzi eta gizartearen esku jartzea izanik, eztabaida, hausnarketa topaguneok sortzea, "hausnarketarako erakusleiho bat eskaintzea" euskara ardatz hartuta. Oraingoan Usurbila dakarte topagune hau. "Udarregi, Zumeta, Joxan Artze, Ez Dok Amairu, Pello Zubiria, Jakoba Errekondo, Idoia Torregarai... denak usurbildarrak. Usurbil kultur paradisu txiki bat da eta hona ekarten dugu guk eztabaida hau", nabarmendu duenez "elkarrekin lelopean". 

Jakin: "Ikasi dezagun guztiok, guztion artean eta guztion partetik"
Lankidetza hitzarmena eredugarritzat jo du Jakin-en zuzendari Lorea Agirrek. "Hartueman bat berdinetik berdinera, guztiok norabide berean eta ekarpenak alde guztietatik eginez".

Ezinbestekoa deritzo bidelagunekin duten hartuemana. "Usurbilgo udaletxeak eskaintzen dizkigun baldintzak, ez dira oso ohikoak izaten, erakunde publikoekin lan egiten dugunean. UEU-rekin lan egitea oso erraza da, oso ondo konpontzen gara, efikazia erabatekoa dute". Jakinetik "edukiekin asmatzen saiatzen gara, gutxienez jendeari interesa sortuko dion zerbait ekartzen urtero mahai gainera". 

Lankidetza hitzarmenak Jakin-i espazio eta denbora bat ahalbidetzen dio Agirreren esanetan, "jendea pentsatzen jartzeko eta pentsamendu eta eztabaida hori zabaltzeko", eta gainera, "aurrez aurreko ekimen batean". 

Egun eta erdiz geratu, eta "planteatu ditzagun gure artean dabiltzan gai txiki eta handiak, eztabaidatu eta hitz egin ditzagun, entzun ditzagun gauz desberdinak, ikasi dezagun guztiok, guztion artean eta guztion partetik".