Furgobaratza bueltan dator gaur Baratze Parkera

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 18a, 08:09

Covid19-aren ondorioz etenda egon ostean, Furgobaratza Usurbila bueltan da, gaixotasun eta izurriei buruzko doako aholkularitza zerbitzuarekin. Ostegun honetan (ekainak 18) Agerreazpiko udal baratze parkean izango da 18:00-19:30 artean.

"Furgobaratzak hileko bisita bat egiten du Sareko Baratze Parkeetara: aholkuak ematen dizkigu, sortzen dizkigun arazoei erantzuten digu, ditugun zalantzak argitzen dizkigu edo praktika egokiak ere proposatzen dizkigu". Hala dio ekogunea.eus atariak. 

Ekainean Gipuzkoako baratze parkeetan egingo duen biraren baitan, geldialdia egingo du Usurbilen. Zehazkiago esanda, gaur, ekainaren 18an 18:00-19:30 artean, Agerreazpin kokatua dagoen Baratze Parkean. Herritar ororentzako doako aholkularitza zerbitzuak eskaintzen du Furgobaratzak. "Zenbaitetan, tailer praktiko eta dinamiko batekin etortzen zaigu, sasoiari lotutako gai bat jorratuz". 

Oraingoan, "gaixotasun eta izurrien inguruko aholkuak emango dira", hauei "modu ekologikoan aurre egiteko aholku praktikoak". Horrekin batera, "tomate landareak oparituko dira", iragarri dute. Usurbilgo Udalak zehaztu duenez, "baita horiek landatu eta zaintzeko aholkuak ere".