Koronabirusa

“Covid19” udal bulegoa eskatu du PSE-k

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 18a, 08:30

Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren nahiz Eusko Jaurlaritzaren laguntza lerroak tramitatu eta orientazioa eskaintzeko “Covid19” bulegoa sortzea eskatu du udaletxean Usurbilgo PSE-k. Beharrezko giza baliabideekin hornitua egotea proposatzen du. 

Baliabide berri honen helburua aipatu udal taldearen esanetan, “krisialdi sozial eta ekonomikoaren ondorioak sufritzen ari diren gure udalerriko pertsona guztiei arreta eta aholkularitza eskaintzea” litzateke. Era berean, aipatu bulegoa covid19-ak eguneroko bizimodua gehiegi oztopatzen dioten pertsonak detektatzeko baliatzea ere eskatzen du PSE-k. Kasuok gero Gizarte Zerbitzuetara bideratu daitezkeela dio, beharrezkoa balitz, sanitarioki artatuak izateko dauden prozedurez aholkatzeko.

2019-23 legealdia abiatu zenetik lehen urtea bete den honetan, azken hilabeteok Covid19-ak nabarmen baldintzatu dituela dio PSE-ren oharrak. Eta horretan jarria dutela arreta, aurrekaririk izan ez eta konplexua den errealitate honen aurrean, “Usurbilen berreraikitze ekonomiko eta sozialean”. Leialtasun instituzionalez jokatu dutela nabarmendu du PSE-k, “udalerri honetako herritarren interesen defentsan lanean, erantzukizunez, koherentziaz eta zuhurtziaz”.

Oposizioaren ekarpenez
Kritiko agertu da PSE udal gobernu taldearekin. Gehiengo osoa izan arren, oposizioa bi bilkuretara baino ez duela deitu eta egoeraren larritasunaren aurrean PSE gehiago aintzakotzat hartu ez izana deitoratu du. Udalbatzak aho batez onarturiko erakunde adierazpena aipatu du adibide moduan. Udal gobernu taldeak aipatu adierazpenerako ez zuela udal talde guztien adostasuna sustatu. “PSE izan zen gobernua eta oposizioa alderdi guztiak eroso sentiaraziko zituen testu berri bat bultzatzera deitu zituena”. Udal talde honen esanetan, testu horrekin “osasun alorreko eta adinekoen egoitzetako langileen, udaltzainen, ertzainen, elikadura arloko langileek eginiko lana eskertzea, alarma egoeran zehar herritarrek eginiko ahalegin handia nabarmentzea eta pandemia honekin amaitzeko denok arduraz jokatzeko deia egitea zuen helburu. “Adierazpen honek udalbatzaren gehiengo osoaren babesa jaso zuen”.

Ildo honetatik, oposizioak ideiak eta proposamenak aurkeztu ditzakeela eta “udal gobernu taldeak aztertu behar dituela” dio PSE-ek. “Kosta egiten da ulertzea haiek uste izatea herritarrentzat ez dugula ezer interesgarririk aurkeztuko eta harrigarria da EHBilduk ez ulertzea guztiz beharrezkoa dela koronabirusak eragindako krisialdiari ahalik eta erantzun adostuena ematea”.