"Antolatu gaitezen eta elkarrekin erabaki eman beharreko pausuak. Gazte, jubilatu, kirol eta kultur elkarteak, ingurumen eta osasun arloko eragileak, irakaskuntzakoak, dendariak,... Asanblada ahalik eta zabalena antolatu dezagun eman beharreko erantzuna eztabaidatu eta erabakitzeko".
Gaurko finkatu dute hitzordua; ekainaren 18an (osteguna) 18:30ean Usurbilgo frontoian. "Osasun segurtasuneko neurriak hartuko dira", ohartarazi dute.
HERRI BILTZARRA
Usurbil, gure herria, larrialdi egoera latzean dagoelako herritarren atea jo genuen martxan jarri nahi dutelako begi-bistatik atera ezin dugun Erraustegia. Herri Biltzar irekia deitu genuen martxoaren 17rako.
Deialdia herriko eragile ezberdinekin partekatu genuen eta martxoaren 13ko NOAUA!-n azaldu zen.
COVID 19a tartean sartu zitzaigun bai, eta ez hala nola ere! Biltzarra atzeratzera behartuta izan ginen, egitea posible izan arte.
Tratatu beharreko gaia larria eta presazkoa denez lehenbailehen egitea egokiena dela deritzogu. Are gehiago OSASUNA lehen lerroan jarri zaigun honetan.
Egoerak okerra egin du azken hilabeteetan. Denok dakizuen bezala istripu kimiko larria gertatu zen maiatzaren hasieran eta Arkaitzerrekan hondamendi ekologikoa eragin zuen erraustegiak ehunka arrain eta angila hil zituena.
Bagenuen kezkatzeko arrazoi nahikorik, baina Zaldibarren gertatutakoak eta erraustegiaren azken istripuak alarma guztiak piztu ditu. Susmo txarrenak baieztatzen ari dira eta ez badugu ekiditen Zubietan edozein hondakin, baita toxikoak, industrialak eta arriskutsuak erreko dituzte.
Zaldibarrekoa gertatu zenean komunikabideetan dioxinataz eta hauen arriskuaz aurreneko aldiz entzun genuen. Ingurumen eta osasun agintariek orduan onartu zuten lehen aldiz, aste bat itxaron behar dela dioxinen azterketaren emaitzak ezagutzeko. Guri beste gauza bat esan ziguten. Guri esana ziguten lasai izateko, dioxinen neurketa etengabea zela eta isuria gehiegizkoa izanez gero momentuan bertan labea itzaliko zutela.
Aho txikiarekin onartu dute ere dioxinak hemen ez direla une oro neurtuko. Zubietan ingurumen baimenak behartzen die soilik urtean 24 ordutan neurtzea (6 ordu hiruhileko bakoitzeko). Eta gure kasuan, dioxinak 35 urtez jasango diitugu (kalte larriak eragiteko moduan, beraien esanetan).
TMB planta 2019ko maiatzetik aurrera eta erraustegia azarotik aurrera inolako baimen eta kontrolik gabe ari dira lanean %85eko kapazidadean. Baimenik oraindik ez dute martxan jartzeko eta frogaldirako zuten epea urtarrilean bukatu zitzaien. Legez kanpo ari dira jardunean! Egoera honetan Ingurumen Sailak ez ditu isuriak kontrolatzen. Hau oso larria da. Larriagoa, dakigunean erraustegia oraindik martxan ez jartzearen arrazoia denean isurien gehienezko muga ez gainditzea ez dutela lortzen.
Osasunaren ikuspegitik onartezina. Ezin dugu onartu gure haur, nerabe, emakume haurdun, gaixoak eta adineko herritarrak (populazio kaltebera) eta populazio ororen osasuna arriskuan jartzea.
Ezin dugu onartu gure ama-lurra eta ingurumena metal astunez, dioxinaz eta bestelako Kutsagai Organiko Iraunkorrez kutsatzea.
Ezin dugu onartu gure herria jendez hustutzea eta ekonomikoki zein urbanistikoki desertizatzea. Hori baita gertatuko dena erraustegia martxan jartzen den unetik aurrera.
Usurbilek jasango dituen kalteak ez dira beraz soilik osasunari eta ingurumenari dagozkionak izango, bestelakoak ere jasoko ditu: ekonomikoak, soziologikoak, kulturalak, soziolinguistikoak, eta abar.
Alegia, gure herriaren izaera, izana eta etorkizuna da jokoan duguna. Hori horrela, altxa eta elkarrekin aurre egin beharko genioke eta azkar gainera, ez da horrela?
Azken urte hauetan zeuden bide guzti guztiak jorratu dira: mobilizazioak, parte hartze prozesuak, Hondakinen Plan Alternatiboaren idazlana (azken bi hauek Hitzartu prozesuan herritarren ekarpen ekonomikoarekin), Europako Instituzioen aurrean salaketa, errekurtsoak epaitegietan…
Gipuzkoako agintariek baina bide guztiak itxi dizkigute, industria eta interes ekonomikoen mesedetan.
Baina gu ez gaude amore emateko, baizik eta gure eskubideak babesteko prest! Behar beste neurri hartzeko prest politikari bihozgabeek gure aldarriak aintzat hartu arte. Historian gertatu ohi den bezala, eskubideak lortzeko, herritarroi elkartu eta aurre egitea dagokigu. Herritarrok bat eginik eta tinko.
Antolatu gaitezen eta elkarrekin erabaki eman beharreko pausuak. Gazte, jubilatu, kirol eta kultur elkarteak, ingurumen eta osasun arloko eragileak, irakaskuntzakoak, dendariak,...
Asanblada ahalik eta zabalena antolatu dezagun eman beharreko erantzuna eztabaidatu eta erabakitzeko. Asanblada, ekainaren 18an (osteguna) 18:30ean egingo dugu frontoian.
Usurbilgo defentsan elkar ikusiko dugulakoan.