Koronabirusa

Alarma egoera indargabetuko dute gauerdian

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 18a, 11:44

Egunotan iragarri moduan, ostegun gauerdi honetan indargabetuko da, martxoaren 14az geroztik covid19-aren eraginez azken hiru hilabeteotan izan dugun alarma egoera. Azken bi asteotan "deseskalatze" prozesuko 3. fasean egon gara. Fase hau gainditu eta "normaltasun berrira" igaroko da EAE osoa, tartean Usurbil, ostiraletik aurrera. 

Lehendakariak sinatutako "ekainaren 18ko 14/2020 Dekretua" izenekoaren bidez hartu du Eusko Jaurlaritzak, "deseskalatzearen" 3. fasetik "normaltasun berrira" igarotzeko erabakia. "Gainditutzat eman da Deskonfinamendu Planeko 3. fasea, eta ondoriorik gabe utziko dira alarma-egoeraren testuinguruan hartutako neurriak". Bai Espainiako Gobernuak baita Eusko Jaurlaritzak hartutakoak ere.

"Beraz, 2020ko ekainaren 19ko 00:00etatik aurrera normaltasun berria sartuko da indarrean", berri eman du Eusko Jaurlaritzak. Zehazkiago esanda, etapa "berri" honen errealitatera egokituko den “Osasun Sailburuaren Agindua, 2020ko ekainaren 18koa, prebentzio-, zaintza- eta kontrol-neurriak zehazten dituena”. 

"Eusko Jaurlaritzak arlo sanitarioko zein osasun publikoko txostenetan oinarrituz hartu du erabaki hori", Jaurlaritzatik ohartarazi dutenez. 

Bertan behera, "neurri murriztaile guztiak"
Deskonfinatze prozesua amaitutzat jota, "erabaki honek Gernikako Estatutuan onartutako eskuduntza guztiak berreskuratu ahal izateko balioko du". Amaiera emango zaio honenbestez, "SARS-CoV-2 koronabirusak sortutako pandemia globalaren ondorioz izan dugun 100 eguneko ezohiko egoerari". 

Beste modu batera esanda, "3. fasea gainditzeak eta, ondorioz, alarma-egoeraren indarraldia amaitzeak esan nahi du Euskadin ondoriorik gabe geratzen direla azken horren esparruan hartutako neurri murriztaile guztiak".

Arduraz jokatzen segitzeko deia
Halere Eusko Jaurlaritzaren dekretuak argitu duenez, "agindu honen xedea da COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriak ezartzea... alarma-egoera amaitu ostean, osasun-krisialdi hori behin betiko amaitzen den arte". Horregatik dio, "beharrezkoa da zuhurtasun-, segurtasun- eta zorroztasun- printzipioak betetzen segitzea prebentzio- eta autobabes-neurrietan, eta herritarrei laguntza eskatzen zaie orain ere, bakoitzak arduraz jokatzea delako bermerik onenetakoa kutsatzeen bidez birusa ez zabaltzeko".

Bihartik aurrerako "garai berrian", lehentasunezkotzat jotzen du Eusko Jaurlaritzak "
kasu positiboak goiz detektatzea eta eraginkortasunez eta berehala bakartzea eta haiekin egon direnak identifikatzea".