Usurbilgo EAJ udal taldeak ez-ohiko dirulaguntzak mantentzeko eskaria gauzatu du udaletxeko erregistroan eta horretarako udaleko aurrekontuetan beharrezkoak izan daitezkeen aldaketak egitea proposatu du.
Josune Urkola bozeramaileak gogoratu duenez “Covid 19 birusagatik ezarri zen larrialdi egoerarekin batera Gipuzkoako Elikaduren Bankuak euren jarduna eten zuen. Horren ondorioz Caritasen bidez elikagaiak jasotzen zituzten Usurbilgo 15 familia elikagai laguntzarik gabe geratu ziren. Hauen beharrei eta herrian egon zitezkeen laguntza behar zuten familia gehiagori erantzuteko Usurbilgo udalak, gure babes osoarekin, ez-ohiko dirulaguntza lerro zuzen bat jarri zuen martxan 20.000 euroko funtsarekin oinarrizko elikadura bermatzeko helburuarekin. Honi esker 33 familiak laguntza hori jaso ahal izan dute”.
“Momentu honetan partida hori agortu da baina familia hauen beharrak ez dira desagertu. Jakitun gara udal gobernua dirulaguntza hauek gizarte laguntzen bidez ematen jarraitu ahal izateko bideak aztertzen ari dela eta guzti horrek beharrezkoak diren prozedurak eta epeak dakartzala” adierazi du bozeramaileak. “Horregatik eta bitarte horretan udalari eskatzen diogu laguntza hauek ematen jarraitzea inolako etenik gabe eta horretarako berehala eta legezko berme guztiarekin aurrekontuetan beharrezkoak izan daitezkeen aldaketak egitea” proposatzen du talde jeltzaleak.