Covid19-ak eragindako osasun krisialdiak herri bizitza eten zuen martxoan. Kale giroa guztiz itzalia izan dugu hilabeteotan. Herri dinamika bermatzen zuen kultur eskaintza etenda, eta eskaintza honen sustatzaile diren sortzaileak, eragileak, kulturgileak "kalegorrian, umezurtz geratu ziren".
Testuinguru honetan abiatu zuten elkarlanetik herri eragile anitzek, uztailean izango dugun Kultur Bira, "Usurbilgo kaleak kulturaz betetzea eta usurbildarrei kultur eskaintza oparo eta anitza eskaintzea helburu izango duena", euskal kultura, kulturgileak laguntzearekin batera.
"Izan ere kulturgintza izan da krisi honen baitan kolpatuenetarikoa izan den sektoreetako bat, aldi berean itxialdian berrogeialdian gutariko askoren helduleku eta ipar izar izan den sektorea", Kultur Biraren antolatzaileek ostiral honetan Mikel Laboa plazan egin duten agerraldian gogorarazi dutenez.
Konfinamenduan emandakoa itzultzeko garaia
Ez baita ahaztu behar, Usurbilen bertan, Herriko Artixten eskutik 8 astez konfinamendu egunak nabarmen arindu dizkigun "Sortuz bakardadea isolatuz" zikloaren baitan, herriko sortzaileek eskainitako 40 ekitaldiak. Guztiak streaming bidez zuzenean eskainiak, "borondate hutsez". Horregatik uztailerako Kultur Bira antolatuta, gaurko prentsaurrekoan ziotenez, "uste dugu orain dela unea gure sortzaileei, gure kulturgileei emandakoa bueltatzekoa. Horretara gatoz ekimen honekin".
"Deseskalatze" prozesua abiatu zenean, maiatza hasieran, Jai Batzordea biltzen hasi zen. Konfinamendu aurretik, uztailaren 1etik 5era antolatzen hasiak ziren jaiak birplanteatzeko prozesua abiarazi zuten. Prozesu hartatik jaio da uztaileko Kultur Biraren proposamena.
Bira herrian barrena
Covid19-ak eragindako osasun krisialdi betean jaiotako proiektua izanik, beharrezko prebentzio neurriak hartuta ospatuko da uztaileko Kultur Bira. Protokolo bat prestatu dute. Ohiko neurriekin batera, "segurtasun tarteak, ekitaldietako sarrera eta irteerak ondo araututa eta seinaleztatuta izango ditugu".
Ekitaldietako aforoa mugatua egongo da. Horretarako usurbilkultura.eus ataria sortu dute; webgune berri honen bidez kudeatuko dute aforoa. Aipatu plataformatik eskuratu ahalko dira Kultur Birarako sarrerak. "Helburu nagusia tresna bat sortzea zen, sarrerak herritarren artean ahalik eta modu bidezkoenean banatzeko". Orain Kultur Birara begira martxan jarri duten arren, "etorkizunean helburu anbiziosoago bat izango du; Usurbilgo kulturaren txoko digitalean bilakatzea".
Antolakuntza eta eskaintza deszentralizatua
Kaxkoan nahiz udalerriko herri eta auzoetara hedatuko dira kultur hitzorduak. Hori hala izateko, Usurbilgo Jai Batzordearen antolakuntza lanekin bat egin dute auzoetako jai batzordeek eta beste zenbait eragileek. Taldeotako hainbat ordezkari bildu ditu gaurko agerraldiak. Haiek gabe "nekez egingo ditugu herri-auzo horietan ekimenak".
Udalerrian barrena hedatuko da honenbestez, Usurbilgo Kultur Bira. "Deszentralizatzea zen helburuetako bat, pertsonen pilaketa saiheste aldera".
Kultur Biraren eskaintza oparoa aurkeztera etorri dira gaur plazara. "Pozik gaude hemen bilduta gauden kultur eragile eta herri mugimenduko ordezkari guztiok. Elkarlanean, oztopoz oztopo, lan ordu ugari igarota eta ilusioz betetzen gaituen proiektua" aurkeztu digute gaur.