Erraustegiaren "kaltetu zuzenok", Usurbilgo herritarrak, herria bera gai honetan eragilea izatea. Herria bera, "kaltetu zuzenok, herri gisa presentzia konstantea izatea". Hortxe Usurbilgo Larrialdi Mahaiak ekainaren 18an frontoian egindako biltzarrean marraztu zuen aurrera begirako erronka, erraustegia guztiz martxan jartzear duten honetan. Argi zioten, bizi dugun egoeraren aurrean, "aurrez aurre jarri behar gara esanez, hau ez dugula onartuko".
Usurbilgo Larrialdi Mahaiak hitzorduan parte hartzeko gonbita luzatua zieten arlo guztietako eragile eta norbanako usurbildarrei. Eragileon lankidetzatik, "ikuspegi zabal batetik erantzun bat planteatzea" sustatu nahi baita herri gisa, irailean ofizialki piztu nahi duten Zubieta gaineko azpiegituraren aurrean. "Dena beharko da", asanbladan nabarmendu zutenez. Sektore guztien babesa eta inplikazioa izatea garrantzitsutzat jo zuten, erraustegiaren jardunak eremu anitzei eragingo diela, "herri ikuspegitik kaltea" askotarikoa izango dela ohartarazten dute eta.
Erraustegia piztuta, "hondakinak egoki bildu arren" etorkizunean Usurbil "gehiago lotuko dute erraustegiarekin, toxikoekin" zioten. Ez da ziurrenik gaurtik egun gutxira nabarmenduko baina kudeatzaileek erraustegia 35 urtez ustiatzeko baimena dutela ezin dugu ahaztu. "35 urterako mehatxua" gain gainean dugula gogorarazi zuten.
Bitarte horretan erraustegiaren jarduna eteten ez bada, inguruotan biziko dugun panorama marraztu ziguten; "gai oso arriskutsuak kontrolik gabe erreko dira" nabarmendu zuten, erraustera "edozer ekar dezaketela" ohartaraztearekin batera. Guztia plantak iraungita duen baimen batekin, eta nazioarteko hainbat ikerketa prestigiotsuek lehengaiak erraustu eta osasun arazoen artean ageriko ebidentziak daudela frogatu ahal izan dutenean.
"Ez gara bakarrik izango"
Horri guztiari batu behar zaio, guztiz martxan jarri aurretik, erraustegian bertan jada jazo diren istripuak; bat, osteguneko herri biltzarrean gogorarazi zuten moduan, iazko ekainean, transformagailu nagusian izandako eztanda. Bigarrena, joan den maiatzean Arkaitzerrekan ehunka arrain hil zituen istripu kimikoa.
Usurbilgo Larrialdi Mahaiko kideetako batek gogorarazi zuenez, gaia hainbat erakunderen agendetan dago. GuraSOSek abiaraziak dituen ekimen juridikoak ere azaldu zituen. Baina ohartarazi zuenez, "bide juridikoa ezingo da inora heldu, herriaren babesik gabe".
Aurrera begira jarrita gogorarazi zutenez, "herri honen osasunak markatuko du etorkizuna". Inguru hau ez da ordea osasunaren alde borrokan dabilen bakarra; Zaldibarko zabortegiaren hondamendiaren harira sortu den herri mugimendua, edota Gueñes Bizia plataforma egiten ari den lanketa gogorarazi zen. Etorkizunean "ez gara bakarrik izango", adierazi zuten herri biltzarraren deitzaileek. Bilguneon artean koordinazio lan bat bideratzekoak dira.
Datozen hilabeteotan adi egoteko deia luzatu zuten.
Herrialde mailako eragileen lanketaren osagarri
Gipuzkoa mailan badira hainbat eragile aspaldidanik borroka honetan murgilduak. Tartean, Erraustegiaren Aurkako Mugimendua. Azken urtebete honetan, Zubietako plantaren isurien gaineko kontrol independentea bideratzen ari dira, Holandako Toxicowatch fundazioaren laguntzaz. Lehen laginak, erraustegia piztu aurretik bildu zituzten irailean, erraustegitik gertu dauden herrietan. Erraustegia piztuko balitz, gero asmoa, urtero laginak hartzen segi eta iazko irailean jasotako datuekin alderatzea da.
Mugimenduko kide herritarrek ere osteguneko asanbladan parte hartu zuten. Uztailaren 9rako elkarretaratzeak iragarri zituzten. "Egoera benetan larria bada, horren pareko erantzuna eman beharko dugu", aipatu zuten frontoiko herri biltzarrean. Iazko urte amaieran Potxoenean egin zuten agerraldian plazaratu zuten mezua ekarri zuten gogora, eskaera moduan; udalerrietako erreusa heltzen doa erraustegira. "Ez erre gure hondakinak".
GuraSOSek bestalde, hainbat dinamika abiarazi ditu urteotan; besteak beste, bide juridikoa jorratzen ari da. Frontoian egin zen herri biltzarreko deitzaileek nabarmendu zutenez, erraustegia geratzeko Gipuzkoa mailan lanean ari diren eragileen lana osatzera datoz. "Osagarria da beste maila batean egiten ari diren lanketarekin". Kasu honetan ordea, Usurbilgo herria, eragile gisa jardutea sustatu nahi da.