Argiteria publiko eraginkorra sustatzeko ahaleginean, hainbat berrikuntza lan egin ditu azken urteotan Udalak. Aginagan edota Kalezarren aldaketok bideratu ditu. Asteotan amaitu ditu Osinalde eta Txikierdiko lanak ere. "Led" teknologiadun argiteria publikoa ezarri du aipatu bi eremuotan.
"Guztira, 53 argi puntu berri jarri ditu, 10.495,78 euroko inbertsioa eginda", ohartarazi du Udalak. Aurreikusi baino gehiago iraun dute berrikuntza lanek. Covid19-aren eraginez bizitzen ari garen osasun krisialdiaren aurretik ekin zieten guneotan, argiteria publiko eraginkorragoa izateko berrikuntza lanei. "Osasun krisiak eztanda egin aurretik hasia zen udal-brigada argiteria berritzen, baina etenaldia tarteko, ezin izan du amaitu orain arte".
Hobetze lanokin, Udalaren esanetan, "energia kontsumoa nabarmen murriztea aurreikusten da". Eta etorkizunean eremu gehiagotan baita. "Hurrengo urteetan ere argiteria publiko eraginkorrago bat bultzatzen jarraituko du", Udalak.