Bi ekimen abiarazi ditu GuraSOSek Europan. Udazken honetan bertan Europako Parlamentuak jorratuko dituen gaien artean izango da Zubietako erraustegia. Batetik, gogoan izan, Europako Parlamentuko Eskaera Batzordeak tramitera onartu zuen GuraSOSen eskaera eta "udazkenean eztabaidatzea espero da". Erraustegiaren ingurumen baimena, kontratazioa, herritarren parte hartzearen eragozpena, Gipuzkoako hondakinen kudeaketaren plangintza... Horiek denak aztertzekoak dira hilabete gutxi barru. "Bertan Europako Batzordeko ordezkariak eta GuraSOSeko kide bat egongo dira. Horren guztiaren emaitzaren berri emango dugu", iragarri du GuraSOSek.
Iragarpen honekin argi uzten dute, Europak ez dizkiela ateak itxi GuraSOSen eskaerei, Foru Aldunditik duela aste gutxi aditzera eman zuten moduan.
Salaketa Europako Batzordean
Bestetik, salaketa aurkeztua du GuraSOSek Europako Batzordean, "hainbat zuzentarauren arau-hausteen harira, hondakinen planifikazioa, eta kudeaketan, herritarren parte hartzean eta kontratazioan".
Ikerketa hasi zuenetik bi urte bete ziren ekainaren 8an, Europako Batzordetik GuraSOSi idatzi baten bidez jakinarazi diotenez, "eskatzaileak mahaigaineratutako afera guztiak aztertzen jarraitzen du".
Lau arau hausteen berri ematen dio GuraSOS-i Europako Batzordeak bere idatzian. Batetik, erraustegia eraikitzeko EAE mailako planifikazio falta agerian uzten du. Ez dela maila horretako planifikaziorik egin, soilik Gipuzkoan. Bestetik, Europako zuzentarauak 6 urtean behin egin beharreko hondakinen kudeaketaren plangintzaren azterketarik ez da egin Gipuzkoan, 2008tik 2018ra. Hartara, GuraSOSen esanetan, erraustegia beharrezkoa zen edo erabakitzeko "herritarren partea hartzea ekiditea" lortu nahi izan dute. Beste era batera esanda, "urratu egin da herritarrek parte hartzeko dugun eskubidea bermatzen duen Europako legedia".
Bestelakorik ere badio aipatu Batzordeak; "kontratazio publikoaren zuzentaraua" ez betetzea eraikitzeko kontratua esleitzerakoan".