Zubietako erraustegia guztiz martxan jartzeko Eusko Jaurlaritzaren "behin betiko baimena" eskuratu duela berri eman du egunotan Foru Aldundiak. Azken egiaztapen lanak egin ostean, 10-12 asteko tartean, iraila aldera alegia, aipatu azpiegitura %100ean lanean izango dela, ziztu bizian doala egitasmoa.
"Nola esan daiteke ziztu bizian doala proiektua, urtebeteko atzerapena duenean?", galdetzen du hainbat ekimen juridiko abian dituen GuraSOSek. Gogorarazten duenez, "lanek iazko ekainaren 3an amaituak behar zuten eta urriaren 3an martxan behar zuen erraustegiak".
Orduan, "zertarako esan gezurra?", diote GuraSOSetik. Abian dituen ekimen juridikoak tarteko, "lokaztua dago gaia. Proiektuak inoiz baino oztopo gehiago ditu".
"Gure borrokak hor jarraituko du"
Testuinguru honetan, 2016ko maiatzean jendaurrean aurkeztu ostetik lau urteotan, erraustegia eraikitzen hasteke zutenean eta gerora, lanak martxan izan diren tartean zehar, "garbi utzi genuen herri honetan badaudela hondakinak kudeatzeko beste modu egokiago batzuk".
Zubieta gaineko proiektuaren garapenak aurrerantz jo arren, "beti garbi izan dugu hor izango gaituztela elkarrizketarako, baina batez ere herri honen eta haurren osasunaren alde egingo duten" metodo eta azpiegiturak bultzatzeko.
Orain arte bezala, aurrerantzean ere "erraustegia martxan jarri duten arren, gure borrokak hor jarraituko du gure haur eta herritarren osasuna bermatua izan dadin", iragarri du GuraSOSek, haurrak, osasuna eta etorkizuna ardatz nagusiak izanda. Hori bai, testuinguru berrira egokituta; "hasieran erraustegia martxan ez jartzea izan zen helburua. Orain jarraipen zehatza eta zorrotza egitea da helburua".