Koronabirusa

Udal-erregistroa, Potxoenea eta Kiroldegiko gimnasioa "normaltasun berrian" gaurtik

Alarma egoera indargabetu ostean, zenbait udal zerbitzu ere testuinguru "berrira" egokituko dira astelehen honetatik aurrera; bai udal-erregistroa, Potxoenea edota Kiroldegiko gimnasioa. Usurbilgo Udalak berri eman duenez, azken asteotan "gorabehera berezirik" eta jende pilaketarik izan gabe ari dira eskaintzen zerbitzu ezberdinak.

"Deseskalatze" prozesua amaitutzat eman eta ostiralaz geroztik "normaltasun berria" delakoan gaude ofizialki. Testuinguru ezberdin honetara egokituko dira baita zenbait udal zerbitzu, astelehen honetatik (ekainak 22) aurrera. Udalak ohartarazi duenez, udal-erregistroan aldez aurretik ez da hitzordurik hartu beharrik izango. Bertara joan behar duenak maskara jantzita izan beharko du, eta "lurrean jarritako seinaleei erreparatu beharko zaie ilara egiteko".

Aldaketak baita Potxoenean. "Atea zabalik egongo da", Udalak berri eman duenez. Bertako ekitaldi edo bilera gelen erabilerari dagokionean ere bada zer aipatua. "Gelen edukiera %60ra igoko da: 20 lagun Urdintxon, 10 proiektore gelan, 6 gela txikian eta 18 sotoan". Potxoenea barruan biltzen diren pertsonen arteko gutxieneko 1,5 metroko distantzia bermatu ezin den kasuetan, ezinbestekoa izango da maskara jantzita izatea. 

Aldaketak baita ekainaren 8az geroztik zabalik den Oiardo Kiroldegiko gimnasioan ere. Orain arte bezala, gunea erabiltzeko aurrez txanda eskatu beharko da, "edukierak 35 lagunekoa izaten jarraituko baitu". Baina "2 orduko txandak hartu ahalko izango dira", hortxe berrikuntza. Bi makina erabiltzeko aukera ere egongo da, hori bai, Udalak gogorarazi duenez, "erabili ostean, desinfektatu". Aldiz, "giharketa gela erabili nahi dutenek bereziki galdegin beharko dute zita eskatzerakoan, edukierak hiru lagunekoa izaten jarraituko baitu".

Udako ordutegia hilabete amaieratik
Ekaina amaitzearekin batera udako ordutegian lanean hastekaok dira hainbat udal zerbitzu. Egongo balira, "jakinaraziko dituzte aldaketak". Azken aste hauei begira, ez da aparteko gorabeherarik izan udal zerbitzuetan. "Gorabehera berezirik gabe ari dira zerbitzuak ematen: ez dago jende pilaketarik, eta horrek gauzak errazten ditu. Zerbitzu guztietan jende gehien hartzen ari dena, beharbada, igerileku handia izango da, baina kirol teknikariaren esanetan, deitzen duten guztiek lortzen dute hitzordua, ordu batean ez bada, bestean".