Koronabirusa

Covid19-az diagnostikaturiko kasu berririk ez Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 22a, 13:53

Aldaketarik ez. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jakinarazi dituen azken datuen arabera, martxoaz geroztik 16 izaten segitzen dute, hiru hilabeteotan Usurbilen covid19-az diagnostikatu dituzten herritarrak. 

Egunero moduan, covid19-ari lotutako azken datuen berri eskaini du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Usurbildik gertu, azken egunotan Orion antzeman diren kasuei dagokienean, Osasun Sailak lasaitasun mezua helarazi nahi izan du. "Azken egunetan kasuak pilatu baitira bertan. Dagoeneko 50 PCR inguru egin dituzte kontaktuen azterketaren barruan, eta azken emaitzak negatiboak izan dira. Osasun Sailak gezurtatu egin du kutsatzeak merkataritza-jarduera bati lotuta daudela", ohartarazi dute.


Usurbila etorrita, aldaketarik ez. Osasun Saila martxoan koronabirus kasuen eguneroko jarraipena egiten hasi zenetik, ez da hildakorik izan. 16 izan dira Usurbilen covid19-az diagnostikaturiko herritarren kopurua. Gaur eskaini dituzten azken datuetan ez da aldaketarik izan. 6.318 biztanleko udalerri honetan, 100.000 biztanleko diagnostikatu tasa 253,2koa da Usurbilen.

Dakizuenez, udalerriak osasun eremuka daude antolatuak, eta eremu hauei buruzko informazioa ere egunero eskaintzen du Eusko Jaurlaritzak. Udalerri hau "Lasarte-Usurbil" eremuan dago kokatua. Eremu honetako datuak oso bestelakoak dira. Usurbilen azken hiru hilabeteotan 0 hildako eta 16 kasu diagnostikatu izan baditugu, martxoaz geroztik "Lasarte-Usurbil" eremuan 5 hildako zenbatu ditu Osasun Sailak eta 71 kasu diagnostikatu. Zenbakiokin, 7,0koa da eremu honetako hilkortasuna. 26.512 biztanledun eremuan, 100.000 biztanleko 267,8 diagnostikatu tasa du.

Eremu hurbilenetik kanpo, azken orduotan Gipuzkoan kasu berri bakarra antzeman du Osasun Sailak. Segidan Osasun Sailaren grafiko hauetan, covid19-aren EAE mailako eboluzioaren berri: