Covid19a gure artera heldu aurreko 2020ko lehen hilabeteetan Sutegi udal liburutegiak eta Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak euskarazko bi irakurketa-solasaldi antolatu zituzten; bietan bi eleberri aztertu zituzten ikuspegi feministatik, Kattalin Miner kazetari eta idazlearekin. Urtarrileko saioan Eider Rodriguezen "Bihotz handiegia"; martxoaren 8aren testuinguruan Uxue Alberdiren "Jenisjoplin".
Konfinamendua tarteko itxita egon da geroztik Sutegi udal liburutegiaren egoitza. Ekainaren 1ean, maileguen sistema berreskuratu zuten kultur etxeko sarreran jarritako mahaiarekin. "Deseskalatze" prozesu betean gauden honetan, urrats berri bat emango dute orain; liburutegi barruko bizitza berriz pizten hastera doaz, ekainaren 23rako antolatu duten hitzorduarekin.
"Pertsona transexualek gainditu beharreko oztopo ikusgarri zein ikusezinak marrazten dira"
Aipatu moduan, ekainaren 23an helduko diete berriz irakurketa-solasaldiei. Urte hasieran egin bezala, Kattalin Miner gonbidatu dute arratsaldeko 18:00etan hasiko den ekitaldira. Oraingoan, Minerren beraren sortze lan bat izango dute mintzagai; "Moio: gordetzea ezinezkoa zen" izenekoa.
Liburua Kattalinek lagun min Aimar Elosegi Ansaren bizitza eta heriotza erretratatzen du. "Suizidioa eta transexualitatea, gure gizartea durduzatzen duten bi tabu elkartu ziren heriotza horretan. Bere garaian zirraraz eta hunkiduraz beteriko erantzuna izan zen Hernaniko herrian, lagunarenganako maitasunaz gainera transexualitatearekiko enpatia eta jarrera berri baten beharra aldarrikatu zituena. Urteak igaro ahala, ordea, zer geratu da? Ez ote da maila intimora igaro dimentsio publiko eta politikoa erdietsi zituen kasua? Hipotesi horretatik abiatuta, hainbat elkarrizketa egin ditu Minerrek".
Liburuan bildu dituen lekukotzekin, "pertsona transexualek gainditu beharreko oztopo ikusgarri zein ikusezinak marrazten dira, gure gizartearen transfobia aitortu zein aitortu gabeak, azken batean. Erreportaje bizi, zintzo eta sakona eskaintzen zaigu, hortaz, guztioi zer pentsatua eman beharko ligukeena".
Segurtasun berme guztiekin ospatuko da ekitaldia. Horregatik, "aforoa mugatua denez, aldez aurretik izena eman behar da", ohartarazi dute Sutegi udal liburutegitik. Liburua bera eLiburutegian (Liburutegi digitalean) eskuratu ahal izango da. "Digitalki lortzeko laguntza behar baduzu, jarri gurekin harremanetan"; baita noski ekitaldira joan nahi dutenek ere. Bideotatik eman daiteke izena:
943 360 692
688 625 477 (Whatsapp)
biblioteka@usurbil.eus