Merkataritza hizpide

Aldamu: “Hemen beti dago zeregina”

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 25a, 08:09

Konfinamendua arintzen hasi zenean, dendari asko lanera itzuli ahal izan ziren. Horien artean dira Aldamu, Lurda, Errazkin eta Urtinea lore-denda. Eurengana jo dugu iritzi eske.

NOAUA! Bi hilabete luze egin zenituzten etxean, denda zabaldu ezinik.

Aldamu konponketak. Martxoaren erdialdean itxi genuen. Denak bateratsu ibili ginen. Maiatzaren hasieran itzuli ginen, baina lehen egunetan aurretiko hitzordua eskatu behar zen.

 

Betiko ordutegiarekin itzuli al zineten?

Bai, hemen beti dago zeregina.

 

ALDAMU

"Lehengo martxa berreskuratu dugu baina kosta egin da. Hasieran mugimendu gutxi zegoen”

 

Lehen aste horietan beldurra zen nagusi. Zuek ere igarri al zenuten?

Bai, kosta egin da. Nobedadea zelako, ezjakintasuna nagusi zelako... Nola jokatu ez genekien.

 

Gauzak “normaltzen” hasi dira azken asteotan, ezta?

Bai, baina horretarako ere denbora behar da. Poliki joan da. Hasieran esaten genuen, hau zer da? Beldurtuta ere izan ginen. Baina aste honetan askoz hobeto ibili gara.

 

Denda zabaltzearekin batera, herriko saltokietan kontsumi–tzeko bonuak atera dituzte. Lagungarria izango zen.

Bai, baina hemen polikiago doa. Gure bonuak 20 eurokoak dira eta, pentsatzen hasita, 20 euroko gastua segituan egiten da. Beste bezero batzuei berriz, ez zaie bonuena inporta.

 

Horrelako zerbait bultzatzea beharrezkoa zela uste duzue?

Laguntza horiek beti dira eskertzekoak. Mugimendua eragiten du.

 

Orain ere, gauzak konpondu edo giltzen kopiak egiteko beharra izango du jendeak.

Hori da. Gure lana kate bat da. Jendeak gauza berriak erosten dituenean, hona etortzen dira hau edo beste hura jartzera, praka-barrena hartzera...

 

Kontsumoa handitzeak mugimendua dakar.

Hori da, esan dizudan bezala, dena kate bat da.