Merkataritza hizpide

Lurda: “Asko gustatu zait bonuena nola planteatu duten”

Konfinamendua ezarri zenean, Lurda mertzeriko ateak itxi behar izan zituzten. Maiatzaren erdialdean zabaldu zituztenean, ilarak sortu ziren dendaren kanpoaldean.

NOAUA! Bi hilabetez itxita egon eta gero, lanerako buelta nolakoa izan zen?

Lurda mertzeria: Ez zen erraza izan. Protokoloari dagokionez  adibidez, ez genuen oso argi zer nolako neurriak bete behar genituen. Guk arropa desinfektatu egin behar dugu eta ez genekien zer behar genuen horretarako. Pixkanaka joan ginen egokitzen.

 

Goizez bakarrik zabaltzen duzue, ezta?

Bai, baina aurrerago berreskuratuko dugu ohiko ordutegia.

 

LURDA

“Jende batek, herritik kanpo erosiko lukeen hori herrian erosten ari dela iruditzen zait”

 

Enkarguak telefonoz hartzeko aukera ere eskaintzen duzue.

Jende batek ezin du goizez pasa eta telefono bidezko zerbitzua jarri dugu aukeran. Aurretik deituz gero, arratsaldean bertaratu naiteke momentu batean dendara.

 

Dagoeneko bere onera itzultzen ari da merkataritza sektorea. Lehen asteak ez ziren errazak izango, ezta?

Jende asko zegoen zain, baina iruditzen zait askok beharra zutela zerbait diferentea egiteko. “Bi hilabetez etxean egon gara eta behar dugu atera”. Hasierako egunetan ilara handiak izan genituen. Baina egoera hori ez zen erreala.

 

Bonuen kanpainak zer nolako harrera izan du hemen?

Asko gustatu zait nola planteatu duten eta jendea ari da aukera aprobetxatzen. Jende batek, herritik kanpo erosiko lukeen hori herrian erosten ari dela iruditzen zait. Oso ondo ari da funtzionatzen.

 

Bezeroarentzat abantaila da. Baina dendariontzat ere garrantzitsua izango zen, ezta?

Oso lagungarria da. Ni oraindik ez nintzen oso ondo aklaratzen eta egun batetik bestera jakinarazpen pila bat iritsi zitzaizkidan posta elektronikoz. Poz handia hartu nuen. Benetan! Animo aldetik kristoren laguntza izan zen.