Merkataritza hizpide

Urtinea: “Lan gehien izaten dugun urtaroan harrapatu gintuen konfinamenduak”

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 25a, 08:41

San Estebanen dago Urtinea lore-denda. "Martxoan eta apirilean itxita izan genuen Urtinea, eta bolada horretan galdutakoa ez dugu errekuperatuko", azaldu digu Ana Zarok. "Baina maiatzetik ekainera, gorakada bat izan dugu salmentan".

NOAUA! Berriro martxan zaudete. Zenbat denbora egin zenuten lanera etorri gabe?

Ana Zaro, Urtinea: Martxoaren 14an  itxi genuen eta Amaren Egunaren bueltan hasi ginen berriro lanean. Aforo mugatuarekin eta aurretiko hitzorduarekin. 

 

Normaltasunera itzuli zaretela esan al daiteke?

Orain hobeto gabiltza, bai. Martxoan eta apirilean itxita izan genuen Urtinea, eta bolada horretan galdutakoa ez dugu errekuperatuko. Baina maiatzetik ekainera, gorakada bat izan dugu salmentan. Pozik gaude.

 

Abiatzerakoan, garrantzitsua izango da lanpetuta hastea.

Hori da. Ez gara gutxinaka hasi. Zabaldu genuenetik ondo aritu gara lanean, erritmo normal batean.

 

ANA ZARO, URTINEA

“Jende asko etorri da bonuarekin. Hemen oso ondo ari da funtzionatzen”

 

Konfinamenduak bete-betean eragin zuen sektorean, ezta? Landare gehien saltzen den garaian.

Onenean iritsi zen konfinamendua. Lan gehien izaten dugun urtaroan harrapatu gintuen. Martxoa eta apirila izan ohi da loreak jartzeko garaia. Asko saltzen dugu bi hilabete horietan eta ezin ireki. Jende bat etorri da maiatzean; baina beste batzuk akaso ez dute lorerik jarriko aurten.

 

Udalak martxan jarri berri duen bonu salmenta lagungarria izan al da zuentzat?

Gu ere parte hartzen ari gara eta oso ondo ari da funtzionatzen. Jende asko etorri da bonuarekin. Badira erosi dutenak baina oraindik lore bila pasa ez direnak. Denbora dute horretarako oraindik.

 

Hortaz, bultzada hori eskertzekoa izango da.

Ekimen ona izan da. Gu ez gaude kaxkoan, San Estebanen gaude eta hona autoz etorri behar da. Bonuak asko lagundu digu, horri esker batzuk hona igotzeko ahalegina egin dutelako.