Merkataritza hizpide

Errazkin Bizikletak: “Lanez lepo nabil”

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 25a, 08:47

Bizikleta dendetan garai lanpetua da hau. “Hitzorduak hemendik hamabost egunera ematen ari naiz”, azaldu digute Errazkin dendan. Bonu sistema egokia iruditzen zaio baina hobetzekorik baduela azaldu digu.

NOAUA! Birusaren beldur, herritar batzuei kosta egin zaie ohiko martxara itzultzea. Hemen ere hala izan al da?

Errazkin Bizikletak: Alderantziz. Nik zorionez lan pila bat daukat. Hitzorduak hemendik hamabost egunera ematen ari naiz. Eromena. Bizikleta denda guztiak topera gabiltza.

 

Orain gainera, Udalak sustatu duen laguntza-bonuarekin erosteko aukera dute zure bezeroek, ezta?

Bai, baina hona etortzeko ohitura duenak ez du begiratzen hori. Deskontu hori aprobetxatzen duten asko dira hemen behin ere erosten ez dutenak. Bonuena ondo dago salmenta bultzatzeko, baina uste dut aldrebes egin beharko litzatekeela. Hemen gastatzen duenari, hari eman bonua. Usurbilgo betiko bezeroari.

 

BONUEN ESKAINTZAZ

“Uste dut logikoagoa dela beti etortzen diren horiei laguntzea”

 

Baina usurbildarrek bakarrik eskura ditzakete bonuak.

Bai, baina uste dut logikoagoa dela beti etortzen diren horiei laguntzea. Kontu hauekin beti gauza bera gertatzen da, aprobetxatzen du behar ez duenak. Nolabait esatearren.

 

Horrelakoetan, herrian kontsumitzeko ohiturarik ez duena agertzen dela esan nahi duzu.

Kontsumitzen du orain, %20ko deskontua duelako. Bonu hauek horrela funtzionatu beharko lukete: “zu Usurbilgo dendetako bezeroa zara, beti Usurbilen gastatzen duzu, tori bonua”.  Uste dut guk eman beharko genukeela bonuen kontua. Merezi duenari.

 

Alegia, dendariak erabaki beharko luke bonua nori eman.

Hori da. Herrian gastatzen duenari. Atetik sartzen direnean nik badakit betiko bezeroak diren edo ez. Dena den, hau kanpaina global bat da eta ni nire ikuspegitik ari naiz hizketan. Nik nire dendan ikusten dudanaz.

 

Zure iritziz, bonuen formula hobetu daiteke.

Nire dendan bai. Nire esku baleude, ondo aprobetxatuko lituzke betiko bezeroak.