Espetxealdiaren hiru laurdenak beteta jada kalean behar zuten arren, Madrilgo Aranjuezeko espetxean dituzte Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herritarrak. 11 urte bete dituzte kartzelan, nahiz indarrean den espainiar legedia eskutan, 2018az geroztik kalean behar zuten.
Hainbat eskubide urraketa pairatu dituzte azken urteotan. Covid19-aren eraginez, konfinamendu hilabeteotan are gehiago. Hala salatu zuten, koronabirusaren eraginez hiru hilabetez etenda egon diren euskal presoen eskubideen aldeko Mikel Laboa plazako maiatzeko elkarretaratzean. “Gainerako presoak bezala, gure herrikide Olatz eta Patxik jasan dute (eta oraindik ere jasaten ari dira) itxialdi bikoiztua eta Olatzen kasuan hirukoiztu bezala definitu genezakeena. Izan ere, kartzelako ohiko giltzapetzeari, modulokoa eta orain bere ziegakoa ere sufritzea tokatzen ari zaio. Bere haurdunaldia dela-eta, azterketak egiteko ospitalera eraman dutenez, handik itzulitakoan berrogeialdian bakartua segitzen baitu”, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak maiatzaren 29ko mobilizazioan berri eman zuenez.
Familia bildu ezinik
Bisitarik gabe izan dira asteotan. Urte hasieran alaba Xua haiengandik bereizi zutenetik behin baino ezin izan dute ikusi gurasoek. “Beste presoak bezala, haiek ere ezin izan dute aste hauetan guztietan bisitarik izan eta Xuak Picassent utzi zuenetik, behin bakarrik ikusi dute, otsailaren 27an. Telefono bidezko deiak eta bideo-dei bakan batzuk izan dira elkar ikusi ezin horren zuloa betetzeko modu bakarra”, Usurbilen Nahi Ditugu bilgunearen esanetan.
Hilabete beranduago egoerak bere horretan segitzen du. Eta berriz ere euskal presoen eta senideen eskubideak beteraziak izan daitezen, mobilizatzera deitu du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak. Ohi bezala, elkarretaratzea ekaineko azken ostiral honetan, hilaren 26an 20:00etan Mikel Laboa plazan.