Irakurketa-solasaldiak itzuli dira liburutegira

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 23a, 19:16

Kattalin Miner idazle eta kazetariak "Moio: gordetzea ezinezkoa zen" sortze lana aurkeztu eta solasean aritu dira Sutegi udal liburutegiak antolatuta, kultur etxeko erakustaretoan egin duten ekitaldian. Covid19 garaiko lehen aurrez aurreko hitzordua izan da gaur liburutegiak antolaturikoa.

Covid19-aren eraginez etenda izan du Sutegi udal liburutegiak hilabeteotako jendaurreko zerbitzua, baita zaletu taldea duten irakurketa-topaketak ere. Ekainaren 1ean berreskuratu zuen jendaurreko mailegu zerbitzua, eta hilaren 15ean ireki zuten liburutegia bera, segurtasun neurrien artean. Konfinamendu osteko jendaurreko lehen ekitaldia antolatu dute gaur, ezohiko txokoan; liburutegian bertan egin beharrean, azpiko erakustaretoan osatu dute irakurketa-solasaldirako taldetxoa.

Kattalin Miner idazle eta kazetaria gonbidatu dute hitzordura. Aurreko saioetan berarekin, Eider Rodriguezen "Bihotz handiegia"; eta martxoaren 8aren testuinguruan Uxue Alberdiren "Jenisjoplin" eleberriak aztertu zituzten. Gaurkoan, Minerrek berak landutako "Moio: gordetzea ezinezkoa zen" sortze lana aurkeztu du.

Liburua Kattalinek lagun min Aimar Elosegi Ansaren bizitza eta heriotza erretratatzen du. "Suizidioa eta transexualitatea, gure gizartea durduzatzen duten bi tabu elkartu ziren heriotza horretan. Bere garaian zirraraz eta hunkiduraz beteriko erantzuna izan zen Hernaniko herrian, lagunarenganako maitasunaz gainera transexualitatearekiko enpatia eta jarrera berri baten beharra aldarrikatu zituena. Urteak igaro ahala, ordea, zer geratu da? Ez ote da maila intimora igaro dimentsio publiko eta politikoa erdietsi zituen kasua? Hipotesi horretatik abiatuta, hainbat elkarrizketa egin ditu Minerrek". 

Materiala mailegatu eta ikasteko aukera liburutegian gaurtik
Sutegi udal liburutegia zabalik da ekainaren 15az geroztik, baina noski, covid19-ak eragindako osasun krisialdira egokituta eskainiko dituzte zerbitzuak. Beharrezko prebentzio neurriak hartuta; bertan ikasi ahalko da, azken asteotan Sutegi sarreratik kudeatu duten maileguen sistema ere ohiko gunetik bideratuko dute aurrerantzean. Baina azken asteotan bezala, bertaratu baino lehen aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da.

Sutegi sarreratik eskilaratan gora igo eta jaisteko gezien bidezko seinaleztapena lurrean, pantailak harrera mahaian, eta gunea erabili osterako desinfekziorako baliabideak. Covid19-ak eragindako osasun krisialdian ohikoak bilakatu zaizkigun ikur eta baliabideak ditu udal liburutegiak.

Maileguan hartutako materiala itzuli edo hartzeko hitzordua eskatu beharko da aurrez. Liburutegian bertan ikasteko aukera egongo da gainera, 14-65 urte artekoentzat. Gehienez 13 pertsonek egon ahalko dute. Kasu honetan ere aurrez hitzordua eskatzea ezinbestekoa izango da, liburutegitik aditzera eman dutenez. Astelehenetik ostiralera, 10:00-18:30 artean segiko du zabalik.

Liburutegiarekin hartuemanetan jarri eta aldez aurreko hitzorduak eskatzeko bideok dituzue:
943 36 06 92
688 625 477 (Whatsapp)
biblioteka@usurbil.eus

Liburuen kontsulta, online katalogoan: 
katalogoak.euskadi.eus
liburubila.euskadi.eus