Abisu horia datozen arratsaldeotan, "prezipitazio handiagatik"

Noaua Aldizkaria 2020ko ekainaren 24a

Abisu horian izango gara asteazken zein ostegun arratsalde eta iluntze partean, "prezipitazio handiagatik". Hala iragarri du Euskalmet meteorologia agentziak.

Bero dugu egunotan; baina badirudi egoera goitik behera aldatu daitekeela datozen orduotan. Asteazken eta ostegun arratsalde honetan, ekainaren 24an eta 25ean hurrenez hurren, abisu horian izango gara "prezipitazio handiagatik". Gaur (hilak 24), 15:00-00:00 artean, "ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke, bereziki barnealdean. Zaparrada trumoitsuak eta ertainak bota ditzake, txingorrarekin eta haize-bolada oso gogorrekin; zenbait lekutan zaparradak handiak izan daitezke, bereziki barnealdean".

Bihar (hilak 25), 15:00-21:00 artean ere abisu horian izango gara. "Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada trumoitsuak eta ertainak bota ditzake, txingorrarekin eta haize-bolada gogor edo oso gogorrekin; zenbait lekutan zaparradak handiak izan daitezke".

Egunotarako iragarpena
Usurbilen asteazken honetan, "erdi-mailako hodei eta goi-hodei batzuekin. Arratsaldean bero-hodeiak garatuko dira. Arratsalde-gauean zaparrada ertainak eta trumoitsuak bota ditzake, txingorrarekin eta haize-bolada gogorrekin. Zenbait lekutan baliteke ekaitzak handiak izatea. Hego-ekialdeko haize ahula ibiliko da, tarte biziekin goizean. Eguerdi inguruan haizea ipar-osagaitik finkatuko da, ahul, eta arratsaldean haizeak ipar-mendebaldera egin dezake, ahul-bizi, bolada gogor batzuekin. Tenperatura maximoetan, aldaketarik ez".

Bihar (hilak 25), "zerua hodeitsu egongo da, bereziki egunaren bigarren partean. Egunaren lehen zatian zaparrada txiki-ertainak bota ditzake noizbehinka. Egunaren bigarren zatian zaparrada ertainak eta trumoitsuak bota ditzake, txingorrarekin eta haize-bolada gogorrekin. Zaparradak zenbait tokitan handiak izan daitezke. Mendebal-osagaiko haize ahula ibiliko da, tarte biziekin; arratsaldean ipar-mendebaldetik finkatuko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez eta maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus