Udajolasen antolakuntza: "Irauli egin behar izan dugu pentsatu eta egiteko modua"

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 26a, 08:41

Aurrekaririk gabeko testuingurua eragin du covid19-ak geure bizimoduan, besteak beste aisialdi arloan. Maiatzean online bidezko izen emate kanpaina egin eta Eusko Jaurlaritzak ekimenok egitea baimendu ostean, Udajolas antolatzea erabaki dute asteotan NOAUA! K.E.-k eta Usurbilgo Udalak. Argibideak emateko aste hasieran Sutegin izandako guraso bileretan azaldu zituzten xehetasunak.

Eusko Jaurlaritzak aisialdi ekimenak arautzeko kaleratu zuen dekretua izan da antolaketa lan berezion abiapuntua. Dekretua eskutan, argi izan zuen antolakuntzak; "erronka handia zela bagenekien. Baina aurrera egin behar genuela argi genuen", NOAUA! K.E.-ko kudeatzaile Alaitz Aizpuruak Sutegiko aste hasierako guraso bileretan azaldu zuenez. Ildo beretik mintzatu zen baita Luken Arkarazo kultur arloko udal zinegotzia. Osasun neurriak bermatzea xede duen plangintza bat landu dute elkarlanean Udalak, NOAUA!-k eta begiraleek. "Ahalegin handia egin da", Arkarazok nabarmendu zuenez.

Merezitako ahalegina halere, Udajolasek asteotan beteko dituen helburuei begira. "4-12 urte arteko haur eta gaztetxoek behar handia dute harremantzeko. Haien hazkunde pertsonalerako ere oso garrantzitsua da Udajolas. Udan ere hainbat kontziliazio arazo daude", udal ordezkariak gogorarazi zuenez.

"10 egunetan egin behar izan da dena"
Prestaketa lanak epe laburrean bideratu behar izan dira aurten. Eusko Jaurlaritzak uda parterako aisialdi arloa arautzen zuen dekretua argitara eman eta "10 egunetan egin behar izan da dena", gaineratu zuen Aizpuruak. Ez hori bakarrik, bizi dugun testuinguru berrira egokitu behar izan da Udajolas. "Irauli egin behar izan dugu pentsatu eta egiteko modua", NOAUA! K.E.-ren ordezkariaren esanetan. 

Horregatik atzeratu da antolaketa prozesua baita guraso bilerak ere. Baten ordez, lau egin behar izan dira aurten iragarritakoa baino astebete beranduago, segurtasun neurri berrietara egokitu eta aurreikusi baino beranduago deitu diren hitzorduotan informazio zehatza eman ahal izateko.

Uztailaren 6an abiatuko den Udajolasi begira NOAUA! K.E-ko ordezkariak adierazi zuenez, "Udalaren laguntza eta babes osoa izan dugu. Begiraleak ere ilusio eta gogo handiz dira. Gogotsu gaude denok. Hilabete polita igaroko dugu".

2020ko Udajolas
Epea: uztailak 6-30.
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 9:30-13:30 (ostegunetan irteerak Usurbilen barrena. Egun horretan amaiera 16:30etan).
Udajolas 2020-dokumentuak:
Gurasoek sinatu beharreko baimena
Udajolas 2020: protokoloa
Udajolas 2020: gida
Informazio gehiagorako: 
688 807 336
udajolas2020@gmail.com
https://noaua.eus/bereziak/udajolas
Antolatzaileak: NOAUA! K.E. eta Usurbilgo Udala.