#U12

Herri argazki batekin erretratatu du EHBilduk kanpaina hasiera

Sutegi atarian herri argazkia aterata abiatu du Usurbilgo EHBilduk, gauerdiaz geroztik ofizialki, EAEko Legebiltzarra berritzeko uztailaren 12ko hauteskundeei begira, abian den hauteskunde kanpaina. Gogoan izan, ekitaldi politikoa deitu du iganderako (ekainak 28) koalizioak Usurbilen.

Koalizioaren lehendakarigai Maddalen Iriarteri babesa erakusten zieten kartelak eskutan, "EHBildu egiteko prest" aldarrien bueltan herri argazkia atera du ostiral arratsalde honetan Sutegin Usurbilgo EHBilduk. Herritarrak erretratatuta abiatu dute, EAE-ko Legebiltzarra berritzeko uztailaren 12rako deituak dauden hauteskundeei begirako kanpaina. Ezohikoa izango den kanpaina hain zuzen; argazki hau horren erakusgarri. Maskarak ere hauteskunde giro honetako irudi bilakatu dira, covid19-ak baldintzatuta bizi dugun testuinguru ezberdin honen seinale.

Gauerdiaz geroztik eta bi astez, uztailaren 10era arte herritarren bozka eskatzeko aukera izango dute eragile politikoek. Hainbat hitzordu programatu dituzte; EHBilduren ekitaldi politikoetako bat egiteko Usurbil hautatu dute. Ekitaldia igandean izango da, ekainaren 28an. Sorturen idazkari nagusi Arkaitz Rodriguez eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako EHBilduren batzarkide Esti Elduaien gonbidatu dituzte eguerdiko 12:30etarako Mikel Laboa plazan finkatu duten hitzordura. "Gerturatu zaitezte!", luzatu dute gonbita Usurbilgo EHBildutik.