Uda parterako antzerki ikastaroak antolatu ditu Muxurbilek

Ezohikoa izango dugun uda honetan antzerkigintzan trebatu nahi duenak adi; Muxurbil Antzerki Taldeak ikastaroak iragarri ditu uztaila eta abuzturako. Izen ematea zabalik duzue uztailaren 2ra arte.

Antzerki ikastaroak antolatu ditu Muxurbil Antzerki Taldeak sartzear garen uztaila eta abuzturako, LH5etik gorakoentzat. Gaztetxoentzako adin tartearen araberako bi talde ezberdin osatzeko aukera eskainiko dute. Hirugarren taldea helduei zuzendurikoa izango da. Interesdunek uztailaren 2ra arteko epea dute izen emateko. Taldeok osatuko dira:
-LH5-DBH2 artekoentzat: astelehen eta asteazkenetan, 16:00-17:30.
-DBH3tik 18 urtera artekoentzat: astearte eta ostegunetan, 11:00-12:30.
-18 urte eta 18 urtetik gorakoentzat: ostiraletan, 11:00-12:30.
Izena eman eta informazio gehiagorako: 675 71 23 83 (Ixabel) / 650 61 43 80 (Andrea)

Muxurbil
Urteak daramatza Muxurbil Antzerki Taldeak antzerkigintzarako zaletasuna sustatzen Usurbilen. Baita eremu honetako lanketa bideratzen ere; jendaurrean agertu eta aritzeko gaitasunen trebatzea besteak beste. Covid19-aren eraginez aurten ez da posible izan, baina aurreko ikasturteetan, irailetik ekainera egiten zituzten saioetan antzezlan bat prestatu eta ikasturtean zehar jendaurreko zenbait emanaldi eskaintzen zituzten. 2017. urte amaieran esaterako, aurrez landutako “Ihesean” eta “Etxe misteriotsua” izeneko bi laburmetrai aurkeztu zizkieten Sutegiko auditoriora joandakoei.

Urte hasiera honetan ere beste bideo bat igo zuten Youtuben duten "Muxurbil Antzerki Taldea" kanalera. Albiste honi atxikia duzue.