Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna

"Pertsona askeak nahi ditugu herri aske batean"

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 28a, 16:24

Udaletxeko balkoian Usurbilgo alkateak hiruki arrosadun eta koloretako ortzadarra irudikatzen dituen aldarria eseki du balkoian, ekainaren 28ko Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunarekin bat eginez. "Pertsona askeak nahi ditugu herri aske batean", adierazi du Agurtzane Solaberrieta Mesak sare sozialen bidez. Bestetik, asteartean Sutegiko irakurketa-solasaldian bere "Moio: gordetzea ezinezkoa zen" sortze lan berria aurkeztu zuen Kattalin Minerrek. Hernaniko kazetari eta idazleak EHGAM-en Urrezko Hirukia jaso du lan honengatik.

Usurbilen udaletxe paretik igaro eta balkoira begiratzen baduzue konturatuko zarete egunerokoan erraustegiaren aurka esekia dagoen aldarriari beste bat batu zaiola igande honetan. Ekainak 28 baititu gaur, Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna da, LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideak betearazi daitezela exijitzeko aldarrikapen eguna. "Gure aletxoa jarri nahi dugu eta gure konpromisoa berretsi. Sexu eta genero askatasuna aldarrikatu nahi dut udaletxeko balkoitik", adierazi du asteburu honetan bertan Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak.

Hitz hauen bueltan eseki du hiruki arrosa koloretako ortzadarra irudikatzen dituen oihala. "Oinarrizko giza eskubideez ari gara. Norberaren identitatea definitu eta identitate hori askatasunez bizitzeko eskubideaz hain zuzen ere. Pertsona askeak nahi ditugu herri aske batean. Zuengatik, guregatik, guztiongatik, hiruko arrosa bandera zintzilikatuko dugu". 

EHGAM-en Urrezko Hirukia, Kattalin Minerren sortze lanarentzat
Ekainaren 28 honen bueltan, Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina sariak banatzen ditu urtero Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak (EHGAM). "Ekimen honen helburua da aniztasuna berdintasunean kontzeptuaren alde nolabait lagundu duten pertsonak, elkarte edo erakundeak saritzea, alde batetik; eta, bestetik, LGBT+ eskubideak zapaldu edo mespretxatu dituztenak agerian utzi eta, sinbolikoki bada ere, zigortzea". 

Aurtengoan, astearte honetan bertan Sutegi udal liburutegian antolaturiko irakurketa-solasaldian parte hartu zuen Kattalin Miner idazle eta kazetaria saritu dute. Zehazkiago esanda, kultur etxeko erakustaretoan aurkeztu zuen bere "Moio: gordetzea ezinezkoa zen" sortze lana. "Bertan, Aimar Elosegi Moio-ren suizidioak Hernanin, bere herrian, izan zuen inpaktua islatzen da. Garrantzi handikotzat jotzen dugu LGTB+ memoriarentzat, bai eta transzendentzia politiko handikotzat ere, gaur eskuinetik,  eta ez hain eskuinetik, gupidarik gabe egiten baitzaie eraso trans pertsonei eta euren eskubideei", EHGAM-etik nabarmendu dutenez.