#U12

EHBildu: "Jaiki egoera honetara ekarri gaituzten politiken aurka"

Uztailaren 12an EAE-ko Legebiltzarra berritzeko hauteskundeei begirako kanpainako ekitaldia ospatu du EHBilduk eguerdian Mikel Laboa plazan. Egungo politiken norabide aldaketaren beharra azpimarratu dute, horretarako bide bakarra, burujabetzarena dela ziurtatzearekin batera.

Pandemiak Euskal Herrian hildakoak -2.000 baino gehiago- edota Sexu Askapenerako Nazioarteko Egun honetan LTGBIQ+ kolektiboaren eskubideen alde lanean dihardutenak gogoan hartuta, berriz bisitak jasotzen hasi diren euskal presoak etxeratzeko eskatuz hasi du EHBilduk, uztailaren 12ko hauteskundeei begirako kanpainaren baitan igande eguerdi honetan Mikel Laboa plazan egin duen ekitaldia, aldarri nagusitzat duten "prest" leloaren bueltan. 

"Asko dago jokoan", adierazi du Estitxu Elduaien, EHBilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen ordezkarietako batek. Bizi dugun krisialdi horren adierazgarri. "Kolpe handia jaso du gure herriak", adierazi du Sorturen idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek. Pandemia ez dela desagertu eta "oraindik garai gogorrak bizi beharko ditugu", aurreikusi du. Halere ziurtatu du, iraganean hainbatetan egin bezala, "herri honek oraingoan asmatu eta lortuko du egoera honetatik ateratzea". Bere esanetan, "herri honek badu nahikoa indar, talentu eta elkartasun egoera honetatik indartuta, baina batez ere batuta irteteko". 

Onartezintzat jo dute, krisialdi hau ere "betikoen bizkar gainean geratzea", kolektiborik zaurgarrienen gainean. "Ez dugu halakorik onartuko", adierazi du Rodriguezek. "Goikoek, kapitalak ordaindu beharko du". 

Burujabetza, bide bakarra
Uztailaren 12an herritarrek bi ereduren artean hautatu beharko dutela adierazi dute. "Iraganeko politika eta errezeten eta erantzun berrien artean", adierazi du Rodriguezek. "Betikoek betikoa egiten duten" eredu zaharkituaren eta EHBilduk ordezkaturikoaren-"berritzailea, hobea"- artean. Elduaienek nabarmendu duenez, bizi dugun testuingurua ere "guk kudeatzen badakigula erakutsi dugu. Guk kudeatzen dugun tokietan hobeto bizi da jendea, babes sozial eta ekonomiko hobea dutelako". EHBilduk "ezkerretik, feminismotik eta elkarlanetik herria eraikitzen badakiela erakutsi du", eta orain ere "eskuineko politika autonomisten aurrean, ezkerretik lortuko du herri honen askatasuna".

Ezinbestekotzat jo dute bizitzen segiko dugun krisi sozial eta ekonomikoan oraingo politika publikoak norabidez aldatzea; osasun eta hezkuntza arloetan aplikaturiko murrizketekin amaitzea, sektore publikoa indartzea, "herritar guztien lan eta bizi baldintza duinak bermatuko dituzten politikoen alde egitea". Horretarako bide bakarra burujabetza eskubidean sakontzea azpimarratu dute.

Bizitza eta zaintza, erdigunean
Parte hartzera deitu dute uztailaren 12an. "Jaiki egoera honetara ekarri gaituzten politiken aurka, gehiengoen bizitzak duinduko dituzten politiken alde, bizitza eta bere zaintza erdigunean jarriko duen eredu berri bat eraikitzearen alde. Gure presoen eta gure herriaren askatasunaren alde", adierazi du Sorturen idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek.

Mezuarekin bat egin du baita Usurbilgo alkateak ere. "Sistema kapitalista heteropatriarkala" biluztu duen krisialdiaren aurrean, uztailaren 12an, "eraman dezagun herri hau merezi duen tokira, inork inor atzean utzi gabe, berdintasunera eta askatasunera". Herri honek ekimen berriak behar dituela, eta "Maddalen Iriarte da horretarako aukera bakarra", adierazi du Agurtzane Solaberrietak.