Bisita gidatua

Zumarte birgaitu eta handitzeko lanak, azken txanpan

Ikusgarria da barrutik nola eraldatu den Zumarte Musika Eskola. Birgaitze eta handitze lanak azken txanpan dituzte jada. Bizi dugu osasun krisialdiagatik denontzat ezohikoa izango den iraileko ikasturtea, bertan hasteko modua izango dute. Eraikin handitu, irisgarri eta goxoan, aste hasiera honetan Usurbilgo Udalak musika eskolako lanak zertan diren ikusteko antolaturiko bisita gidatuan ikusi ahal izan dugunez.

Berez lanak uztailaren 17rako amaitzea adostua zuten Moyuak eta Udalak, baina covid19-ak konfinamenduan eraikuntzan eragindako geldialdiak zertxobait atzeratuko du aipatu epea. Halere, “abuztuko bigarren hamabostaldian tresnak eta sartzen hasteko modua izango dute Zumarte erabiliko dutenek”, iragarri du Udalak. Iraila amaierarako beranduenez jota, erabiltzaile guztiak Zumarten izatea aurreikusten dute.

Baina ikasturtean ez dute ohiko moduan hasterik izango. Eraikin berrira egokitu beharko dute musika eskolakoek, baina bada “zailtasun gehigarri bat ere”, aste hasierako bisita gidatuan Usurbilgo alkateak gogorarazten zuenez. “Osasun eta segurtasun protokolo batekin” abiarazi beharko dute ikasturtea, bizi dugun testuinguru berriagatik. 

Musika eta dantza eskola
Horretarako noski abian dituzten birgaitze eta handitze lanek amaituta egon beharko dute. Ikusgarria da jada Zumartek izan duen itxuraldaketa. Espazio berri eta handiagoak sortu dituzte; lehendik zegoen eraikina berritzearekin batera, atzean zuen lorategi aldera handitu dute. Espazioen erabileraren xehetasunak ere aurreratu dizkigute aste hasiera honetako bisita gidatuan; esaterako, sotoan biltegi handi bat, Musika Mintzairakoen txokoa eta bost instrumentuen gela kokatu asmo dituzte. Kale Nagusiaren mailan geratzen den solairua musika taldeena izango da. Goragokoetan geratuko dira haurren gunea, eta ganbara abesbatzarentzat eta baita Orbeldikoentzat ere. Musika eskolaz gain, dantza taldekoena ere izango baita aurrerantzean Zumarte eraberritua. Taldeon beharrak bildu dituzte, beharrezko ekipamendua erosia du Udalak.

Irizpide jasangarriak
Gogoan izan, eraikinak gabezia nabarmenak zituen; irisgarritasun eta segurtasun arazoak tartean, espazio falta. 2017an eraikina hustu eta OS3 arkitekto taldeak diseinaturiko proiektua egikaritzen ari dira. “Irizpide jasangarriak betetzeko, geotermia erabili dute, eta egurraren erabilera ere nabarmena da”, Udaletik berri eman dutenez. Zumarte atzean galdutako lorategia, “berreskuratzen saiatu dira estalki begetalak erabiliz. Beheko espazioa eraikitakoan, argi naturala sartzeko beharra ikusi zuten, eta hainbat patio ireki dituzte, beheko espazio guztira argitasuna sartzeko. Horrez gain, Zumartek hiru sarrera izango ditu”. Solairu batetik bestera igarotzeko eskilarak, igogailua egongo da. Espazio handitu eta berrituak, Zumarte barrua komunikatua egotea bilatzeko loturak eraiki dituzte, baita Kale Nagusia Txaramuntorekin lotuagoa egoteko ere.