Bisita gidatua

Kalezarko Pelaioenea, gunearen erabilera definitzeko prestatzen

Etorkizunean Emakumeen Etxearen eta auzotarrentzako bilgunearen egoitza izango den Kalezarko Pelaioenea hutsik da barrutik egun. Fatxadak eusten duen teilatua berritua du, hormak berritze lanetan ari dira. Baina barrua hutsik, eta ez da kasualitatea, bertako lanak zertan diren ezagutzeko aste hasiera honetan Usurbilgo Udalak antolaturiko bisitan argitu zigutenez.

Kalezarko plazan kokatua dagoen udal eraikinean, Emakumeen Etxea eta kalezartarrak biltzeko udal ekipamendua kokatuko da. Une honetan, eraikinaren fatxada sustengatzen duen egurrezko teilatu berria jarri diote. Eraikin barrua hutsik da une honetan; eta ez da kasualitatea. Espazio berri honen erabilera definitzeko parte hartze prozesua bideratzekoa zen Udala udaberri honetan; covid19-ak ordea atzerarazi egin du. “Asmoa, osasun egoerak ahalbidetu bezain azkar, posible balitz, horri udazkenean heltzea da”, alkate Agurtzane Solaberrietak aste hasieran Pelaioenera eginiko bisita gidatuan adierazi zuenez.

Material jasangarri eta naturalen erabilera
Bertako obra zuzendaritzarekin batera, orain arte egindako lanen xehetasunak eman zituzten. 2018ko udan eraikina arrisku egoeran zegoela jabetu (teilatua eta hormak amiltzeko arriskua, egurrezko egitura usteldua, ur sarrerak eraikin barruan, amiantozko kanaloia kendu beharra…) eta segurtasuna bermatzeko eraisketa proiektua diseinatu eta abiarazi zuen Udalak. “Eraikinak bazuen kanaloi bat, amiantoduna, arrisku publikoa suposatzen zuena kale eta zoru publikoz inguratuta dagoelako. Eraiste prozesuari ekin zioten, inguruko plaza eta kaleetarako arriskutsua zen kanaloia eta teilatua kentzeko, eta barruan erortzear zeuden egitura zatiak erretiratzeko. Segurtasuna bermatuta, hormak egonkortu eta teilatua jartzeari ekin zioten”, Udaletik berri eman dutenez. Eraikina bota ordez birgaitzea hobetsi zuen Udalak, Kalezarko eremua babesturiko kultur ondarea da, eta Pelaioeneak “herri mailako babesa du”.

Material jasangarri eta naturalak baliatu dituzte horretarako; teilaturako egurra eta teila mistoak. Bestetik, Belmonte kalean zuen jatorrizko sarbidea, baina orain plazatik eta aparkalekutik bertaratzeko ate bana ireki dizkiote.