Kultur Bira

Uztailaren 1etik 5erako ekitaldietarako sarrerak esleituak

Hastear da Kultur Bira! Uztailean sartzearekin batera, asteazken honetan bertan Herriko Artixten eskutik estreinatuko da hilabete osora hedatuko den kultur zikloa. Adi, uztailaren 1etik 5eko ekitaldietarako sarrerak bart esleitu ditu antolakuntzak. Adi beraz, usurbilkultura.eus ataritik hitzorduotarako izena online eman zenutenok. Jakinarazpena, web orri horretan eman zenuten helbide elektronikoan jasoko duzue. 

Herri eragile anitzek Udalarekin elkarlanean antolaturiko uztaileko Kultur Bira hasteko 48 ordu falta zirela, bart zozketatu dituzte uztailaren 1etik 5era iragarri diren lehen ekitaldietako sarrerak, usurbilkultura.eus atarian erregistratu eta hitzorduotarako izena online eman duten guztien artean. Adi honenbestez, urrats guztiok eman dituzuenok; sarrerak egokitu zaizkizuen edo ez adierazten duen antolakuntzaren jakinarazpena jasoko duzue zuen helbide elektronikoan.

Deialdiak izan duen harrerarekin pozik agertu da antolakuntza. "Ekitaldi gehientsuenetan baimendutakoa baino jende gehiagok eman baitu izena, nahiz eta, tamalez, horrek zenbait ekitalditara ezin joan izatea suposatu sarrerarik egokitu ez zaienei", Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez. Sarrera egokitu baina joan ezin duenari sarrera beste herritar bati uztea eskatzen dio antolauntzak. 

Sarrerak egokitu zaizkizuenoi, emailez jasotako jakinarazpeneko QR kodea ekitaldietarako sarbidean erakutsi beharko duzue zuen gailuan edo inprimatuta eraman beharko duzue. Jakinarazpen horretan agertzen den QR kodea egiaztatuta sartu ahalko zarete Kultur Biraren ekitaldietara. 

Osasun eta segurtasun protokoloa zorrotz errespetatu
Protokolo irizpideak ere jasoko dituzue emailez, antolakuntzak horiek betetzea eskatzen du. Arduraz jokatzeko deia egin dute. “Emanaldiak markatu ditugun osasun neurri guztiak betez aurrera eramateko, ezinbestekoa izango da ikuslearen ardura, zure ardura. Zentzuz jokatu, zurea ez ezik, guztion osasuna zaintzea helburu duten neurriak baitira. Ez bazaude ondo, gelditu etxean”, eskatu dute. Etxetik atera aurretik tenperatura hartu. Maskara eraman beharko da. Ekitaldien eremura sartzerakoan antolatzaileek esandakoa zorrotz bete beharko da.

Hurrengo hitzorduetarako sarrerak eskuragarri
Adi, aste honetako hitzorduen ondotik, uztailaren 10etik 31ra bitarte ospatuko dira Kultur Biraren gainerako ekitaldiak. Hitzorduotarako sarrerak usurbilkultura.eus atarian eskura ditzakezue. Datorren astekoez gozatzeko, izena online emateko uztailaren 8ra arteko epea izango duzue.