Kultur Bira

Mihise taldekoen estreinako kontzertua gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 2a, 11:31

Kronik@ izeneko lehen diskoa aurkeztu berri duen Mihise taldearen estreinako zuzenekoaz gozatzeko aukera izango dute usurbildarrek, ostegun gau honetan (uztailak 2) 22:00etan Oiardo Kiroldegian. Kultur Biraren baitan antolaturiko kontzertuan Ezpalak taldekoak izango dituzte bidelagun, Antton Aranburuk, Beñat Urteagak eta Mikel Olasagastik. Argazkiak: Ibai Arrieta.

NOAUA! Mihise ez da ezerezetik sortu. Proiektu berri honen ernamuina Hotzikara taldean dago, ezta?

Antton Aranburu: Eboluzio bat izan da, baina inkontzientea. David abeslariak Hotzikara utzi zuenean aurrera egin genuen. Sortzeari ez genion utzi, entseatzen jarraitu genuen. Eta segitze horretan, beste zerbait sortzen ari ginela jabetu ginen. Orduan konturatu ginen beste izen bat ipini behar geniola taldeari. Ez zela aurrekoaren segida, aldatu egin zela gure proposamena.

Beñat Urteaga: Hotzikararen azken garaian igartzen zen gaur egun Mihise den honetarako norantza bat. Batez ere, bigarren diskoko azken kantan.

Antton: Hotzikararen azken diskoko azken kantak bilakaera bat markatzen du.

 

Instrumentazioan ere badago aldaketarik.

Mikel Olasagasti: Zer edozer berria egin nahi genuelako. Instrumentu berriekin hasi ginen jolasean, gauza berriak esploratzeko gogoa genuelako. Urte asko dira elkarrekin jotzen eta bagenuen beste zerbait probatzeko gogoa. Motibagarria izan zedin.

Antton: Nik sintetizadore bat erosi nuen, probatzeko batez ere. Baina jolas horrek enkajatzen zuen. Beñatek beste bat lortu zuen eta sintetizadorea taldeko beste instrumentu finko batean bilakatu zen. Hala ere, taldearen oinarria gitarra-baxua-bateria da. Sintetizadoreak beste ukitu bat eman dio.

Mikel: Guztiz berria zen guretzat. Zerotik hastea bezala izan zen.

 

BEÑAT URTEAGA

“Hotzikararen azken garaian igartzen zen gaur egun Mihise den honetarako norantza bat”

 

Bada beste berrikuntzarik. Antton eta Beñat kantari bilakatu zarete.

Mikel: Hasiera batean instrumentalak ziren kantak. Planteamendua hori zen.

Antton: Instrumentalak ziren ez ginelako kantatzera ausartzen!

Mikel: Beno, hori ere hala zen.

Beñat Urteaga: Bi ahotsetara asko kantatzen dugu eta bien artean sortzen den horrekin eroso sentitzen gara.

 

“Pixkanaka bidea zabaltzen joan gara”

NOAUA! Disko honen erditzea asko luzatu da. Zer dela eta?

Beñat: Faktore asko egon direla uste dut. Pauso asko eman behar izan ditugu. Egoera berrira egokitu behar izan genuen lehenbizi. Hiruko talde batean bihurtu ginen, abeslaririk gabe. Gure bidea jarraitu genuen, gure kantak eginez.

 

Abeslari bat fitxatzeko tentaziorik izan al zenuten?

Mikel: Ez. Hirurok dagoeneko denbora asko egin dugu elkarrekin... Asko diskutitzen dugu baina eroso gaude formatu honetan.

Antton: Ea nor sartzen duzun matrimonio honetan!

Beñat: Gure elkarrizketen %60a diskusioak izaten dira baina hala ere ederki moldatzen gara.

 

Beste faktore batzuk ere izan direla diozu, Beñat.

Beñat: Estilo finko bat ez dugu baina Hotzikara izan gabe, rockera hurbildu nahi genuen. Iluna den zerbait egin nahi genuen baina argia ere sartu nahi genion...

Mikel: Guk ere ez genekien oso ondo zer egin nahi genuen. Pixkanaka bidea zabaltzen joan gara, sastrakak txikitzen.

Antton: Kronik@ diskoan plazaratu ditugun kanta batzuk hor zeuden duela hiru urte. Jotzeko batzen ginen lokalean, ez disko bat grabatzeko asmoz.

 

Helburu bat baino, Kronik@ diskoa bilaketa baten emaitza izan da orduan?

Antton: Hori da.

 

“Hirurak elkarrekin eta batera grabatzeko esperientzia probatu nahi genuen”

NOAUA! “Lokalera joaten ginen jolastera”, esan duzu Antton. Kronik@ diskoa jarrera horren emaitza al da?

Antton Aranburu: Hori da. Grabaketa bera ez da hain luzea izan, aurreko urteetan egindako sortze-prozesua izan da luzatu dena.

Beñat Urteaga: Diskoa dena jarraian entzuteko egina dago. Erabaki kontziente bat izan zen. Saiatu gara kanta guztien artean loturak egiten. Horrek ere denbora asko eskatu digu. Emaitzarekin oso gustura gaude baina kostata izan da.

Antton: Kantak lotu ahal izateko, pieza txikiak sortu ditugu, Pintzeladak izenekoak. Hasiera batean lotura gisa sortu genituen baina gero kanta osoak bihurtu dira.

 

BIRA MAIATZEAN HASTEKOA ZEN

“Lauzpabost kontzertu haizea hartzera joan dira. Egoera argitzen doan

heinean, joango gara kontzertu gehiago lotzen”

 

10 kanta dira baina pieza bakarraren parte dira. Kanten izenburuek ere esaldi bat osatzen dute elkarrekin. Nolakoa izan da sormen prozesua?

Antton: Guk musika sortzen dugu lehenbizi. Eta ondoren letra. Kanta batean musika prest genuenean orduan etortzen zen letra. Beñaten ardura izan da. Osotasun bat eman die diskoko hitzei.

Beñat:  Musikalki, kanta bakoitzak bere ukitua zuen. Batzuk ilunagoak, besteak alaiagoak... Ipuin bat bisualizatu genuen. Istorio bat. Eta pentsatu genuen horrekin bazegoela bidaia oso bat kontatzea, bere interesa mantenduko zuena. Hori genuen buruan, baina etxean esperientzia gogor bat eduki dut azken urteotan eta horretaz hitz egin nahi nuen. Bizitzak hurrengo kolpea eman arte, jarraitu beharra dagoela. Eta ideia horrekin egin genuen aurrera.

 

Kronik@ diskoko letren zein musiken arteko sinbiosia agerikoa da. Bada dena lotzen duen zerbait.

Antton: Letrek argilunak dituzte eta musikalki ere hala da. Batzuk ilunak eta zaratatsuagoak dira, besteak leunagoak eta argitsuagoak.

 

Diskoa Beran grabatu zenuten, Iñigo Irazokiren Atala estudioan. Nolatan?

Beñat: Hirurak batera eta elkarrekin grabatzeko esperientzia probatu nahi genuen. Zuzeneko sentsazio hori transmititzea, nolabait esatearren. Talde ezagunak Atala estudioan grabatzen ikusi ditugu eta euren diskoen soinukerak asko erakarri izan gaitu.

Mikel Olasagasti: Analogikoan grabatzeko aukera izan dugu.

Antton: Orain arte banaka grabatu izan dugu eta ez dut esango disfrutatu ez dugunik. Honakoan batera grabatu ditugu kantak eta benetan gozatu egin dut estudioan. Kontzertu batean jotzea bezala izan da. Alde horretatik pozik gaude esperientziarekin.

 

“Jai Batzordetik egin den ahalegina eskertzekoa da”

NOAUA! Konfinamenduak zein neurritan baldintzatu du diskoaren plazaratzea?

Antton: Diskoa maiatzean ateratzeko asmoa genuen eta aurkezpen bira bat lotuta genuen. Baina konfinamenduarekin lauzpabost kontzertu haizea hartzera joan dira. Orain, berrasmatze honetan, zerotik hasi behar dugu. Egoera argitzen joaten den heinean joango gara kontzertu gehiago lotzen.

 

Aste honetan aurkeztuko duzue diskoa. Noiz hasiko zarete zuzeneko kontzertuak eskaintzen?

Antton: Diskoa ekainaren 18an plazaratuko dugu eta lehen kontzertua ekainaren 26an egingo dugu Donostiako Dokan. Lagun artean, eta eskertza moduan. Aldez aurretik erosi dutenei diskoa emateko aprobetxatuko dugu.

Eta uztailaren 2an Oiardo kiroldegian arituko gara, Kultur Biraren baitan, Ezpalak taldearekin.

 

Une honetan ziurgabetasuna da nagusi. Beste kontzertuekin zer gertatuko da?

Beñat:  Plateruenan eskaini behar genuena hurrengo urteko urtarrilera pasa dugu. Willis Drummond eta Pelaxekin arituko gara. Beste kontzertuak galdu egin ditugu.

 

Usurbilen, jaien ordez Kultur Bira antolatuko da. Kanpoan adibide gisa jar daiteke, ezta?

Beñat:  Oso eskertuta gaude. Arriskua handia baita. Errazena litzateke, “aurten ez da ezer egingo eta datorren urtean ikusiko dugu elkar Santixabeletan”. Baina Jai Batzordetik egin den ahalegina eskertzekoa da.

 

Diskoa hain berezia izanik, nolakoak izango dira zuzenekoak?

Mikel: Diskoko kanten ordena jarraituko dugu zuzenekoan.

Beñat:  Beste zerbait egiteak puskatu egingo luke diskoaren logika. Hasi eta buka, diskoa joko dugu.