Merkataritza hizpide

Antxeta jatetxea: “Jendea ateratzeko gogoz dago”

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 2a, 11:07

Lan aldetik bajuxeago dabiltzala esan digu Josu Arrutik. "Tendentzia hori da, eguneko menua jaitsia dago toki guztietan". Hala ere, astebukaera honetarako jantokia beteta dute. Jairik ez den arren, koadrilak eta familiak elkartzeko ohitura berrituko dute egunotan.

NOAUA! Pandemiak eraginda, denbora batez itxita izan dituzue taberna eta jatetxea. Nolakoa izan da lanerako buelta?

Iosu Arruti, Antxeta: Jendea gogoz dago. Etxetik atera eta lagunekin zerbeza batzuk lasai hartzeko gogoz, baina beldurra ere bada.

 

Martxa onean hasi al zarete?

Guk lan asko egiten dugu eguneko menuarekin eta jende asko, orain, etxetik ari da lanean. Beste batzuk lanaldi jarraituan hasi dira, udako ordutegiarekin. Eta beste langile batzuk, orain, etxetik eramaten dute jana lantokira.

Lan aldetik bajuxeago gabiltza. Tendentzia hori da, eguneko menua jaitsia dago toki guztietan.

 

IOSU ARRUTI

“Asteburu honetarako jantokia beteta daukagu. Beste era batean bada ere, jendeak zerbait egiteko gogoa du egun hauetan”

 

Aurten ez da jairik antolatuko. Hala ere, familia eta koadrila asko batuko dira Santixabel egunaren bueltan. Erreserbetan igarri al duzue?

Bai. Astebukaera honetako erreserbetan nabaritu dugu. Jantokia beteta daukagu. Jaiak ez dira egingo, baina kultur ekitaldiak antolatu dira. Era ezberdin batean bada ere, jendeak zerbait egiteko gogoa du egun hauetan. Neurriak errespetatuz beti ere.

 

‘Gertuago’ kanpainan parte hartu dutenek, Antxeta jatetxerako bonua erosteko aukera izan dute. Nola joan zaizue zuei?

Oso ondo funtzionatu du hemen. Behar duguna da denok ere herri mailan kontsumitzea, herriko saltokiak lagunduz. Bertako bizia pixka bat animatzeko.

Gure kasuan oso ondo funtzionatu du. Oso ondo saltzen ari dira eta guk ere erosi ditugu beste saltoki batzuetako bonuak etxean.

 

Beraz, Udalaren kanpaina honek eman duenarekin pozik zaudete.

Eskertzekoa da. Bertako kontsumitzaileei nahiz bertan lan egiten dugunoi bentaja handia egiten digu kanpaina honek. Herriko giroa hobetzen du gainera.