Merkataritza hizpide

Sandra Lertxundi, Saizar jatetxea: “Pixkanaka normaltzen joan da egoera”

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 2a, 11:25

Jairik ez da aurten. Kultur Birak ordezkatu du Santixabel jaietako egitaraua. "Beste era batera izango da aurten", azaldu digu Sandra Lertxundik. "Festarik ez da izango baina jendeak elkartzeko usadioa mantenduko du".

NOAUA! Bi hilabete t´erdiz jatetxea itxita izan duzue. Ez da garai erraza izan, ezta?

Sandra Lertxundi, Saizar jatetxea: Hasiera batean, hamabost eguneko kontua izango zela pentsatu nuen. Oporrak bezala hartuko ditugu, nire artean. Baina gauza luzatu egin zen. Ez genekien noiz eta nola hasiko ginen, eta ezjakintasun horren aurrean kezkatzen hasi ginen.

 

Duela hilabete zabaldu zenuten jatetxea berriro. Lanerako buelta nolakoa izan da?

Hasieran beldurra nuen, baina buelta oso ona izan da. Jendea oso animatuta ikusi nuen. Lehen asteetan gazteak etorri ziren eta helduak geroxeago animatu ziren. Jende heldua bai ikusi dudala kezkatuago. Baina pixkanaka-pixkanaka normaltzen joan da egoera.

SANDRA LERTXUNDI, SAIZAR JATETXEA

“Jendeak badaki zer egin behar duen, zein neurri bete behar diren... Agindutakoa ondo errespetatzen ari dira”

Jaiak bertan behera utzi behar izan dituzte. Hala ere, familiek eta koadrilek elkartzeko ohitura mantenduko dutela dirudi.

San Joanetan eta Santixabel egunean jatetxea beteta izaten dugu beti. Aurten festak ez dira egingo baina jendeak bere usadioak berdin-berdin mantenduko ditu.

 

Uztailaren 2an jatetxea beteta izango duzue.

Bai. Beste era batera izango da aurten. Festarik ez da izango baina jendeak elkartzeko usadioa mantenduko du.

 

Jatetxeak zabaltzearekin bat eginez, Udalak bonu-txartelak atera zituen. Pizgarri moduan, kontsumoa aktibatzeko.

Niri oso ondo iruditu zitzaidan, azken finean herriko jendea animatzeko modu bat da eta herritarrek ondo erantzun dute.

 

Zure kasuan, ondo joan al da bonuen salmenta?

Segituan saldu ziren denak. Herriko jendea laguntzeko prest dagoela ikusi da. Eta eskertzekoa da. Zein garai zailean gauden jakinda, jendeak oso ondo erantzun du.