Merkataritza hizpide

Sekaña: “Jende asko etorri da asteotan”

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 2a, 11:29

Errepide ondoan egonik ere, lasaia da Sekaña jatetxearen ingurua. Oriotik iritsi berri da Xabier eta autoaren maleteroa zabaldu digu. Altxor handi baten gisan erakutsi dizkigu bi bisigu. Itxura ederra dute.

 

NOAUA! Martxoaren erdialdean jatetxeak ixteko agindua eman zuten. Zenbat denbora egin duzue lanik egin gabe?

Xabier Errasti, Sekaña: Lehen fasean, jatetxeak irekitzeko aukera eman zutenean, orduan bueltatu ginen lanera.

 

Batzuk etxetik ateratzeko gogo biziz, beste batzuk beldurrez. Nola joan dira lehen aste hauek hemen?

Jatetxera datorrena inolako beldurrik gabe dator. Etxetik kanpo, kalean egoteko gogo handiarekin. Eta beldurrez bizi dena, hori etxean geratu da.

 

XABIER ERRASTI, SEKAÑA ERRETEGIA

“Eguraldiak laguntzen badu, hona datorrenak ez du etxera bueltatzeko gogo handirik izaten”

 

Aginagatarren artean ere sumatu al duzu ateratzeko joera berezirik?

Eguraldiak laguntzen badu, hona datorrenak ez du etxera bueltatzeko gogo handirik izaten. Pasatakoa eta gero, ni orain etxera? Hamabost egunean ez naiz joango etxera!

 

Gustura dauden seinale. Santixabel jaietako egunak dira hauek. Horrelakoetan mugimendu gehiago izaten al da?

Zorionez, zabaldu genuen unetik sumatu dugu mugimendua hemen. Berez, hona etortzen den bezeroaren gehiengoa ez da Usurbilgoa ezta Aginagakoa ere. Donostialdetik dira gehien bat etortzen direnak. Asteotan jende asko etorri da, zabaldu aurretik uste nuena baino askoz gehiago.

 

‘Gertuago’ web orriaren bitartez, Udalak bonu txartelak ipini ditu herritarren eskura. Zer iruditu zaizu udal egitasmoa?

Ekimena zoragarria iruditzen zait. Ikusiko dugu errendimendua nolakoa izan den. Denborak esango du hori.

Udalak ‘Gertuago’ kanpaina abiarazi zuenean, egoera beltza zen eta une horretan edozein laguntza gustura hartzen zen. Nire aldetik behintzat, eskertzekoa da Usurbilgo Udalak egin duen ahalegina.