Kultur Bira

Santueneko asteburuko kontzertuak, streaming bidez zuzenean

Kultur Birako ekitaldietan izen ematerik izan ez baduzu edota sarrerarik gabe geratu bazara adi; asteburuan Santuenean iragarri diren kontzertuak zuzenean streaming bidez ikusteko aukera eskainiko du antolakuntzak. Santuenean direnekin batera online bidez lau kontzertuez gozatzeko aukera izango da ostiral eta larunbat gaueko 22:00etan. Gaur Ameba herriko taldearen estreinako kontzertua eta Liher! Bihar (uztailak 4), ordu eta toki beretik, beste herriko talde bat, Natali eta Izaki Gardenak.

Abian den Usurbilgo Kultur Birako hitzorduek, neurri batean bertan behera geratu diren Usurbilgo jaien hutsunea beteko dute. Egungo osasun krisialdira egokituko den zikloko hitzorduak udalerriko txoko ezberdinetan iragarri ditu antolakuntzak.

Asteburuan besteak beste, Santuenean. Kontzertu sorta iragarri dute, plaza irekian egokitu duten karpa gune handiaren barruan. 265 lagunek osasun krisialdiak eragindako ezohiko testuinguru honetara egokituriko lehen kontzertuez gozatu ahalko dute. Eserita eta aulkien artean gutxieneko distantzia bermatuta egongo dela. 

Kultur Biraren webgunetik zuzenean
Ekainaren 27a baino lehen kontzertuotarako izena eman eta izena emandakoen artean antolatzaileek bart egindako zozketan sarrera eskuratu dutenek eserlekua bermatua izango dute Santueneko karpa gunean. Baina izango dira izena online eman ez dutenak edota urrats hau emanda ere, sarrera gabe geratu direnak. Musika emanaldiotara joaterik ez dutenentzat, nahiz interesa duten gainerakoentzat, ostiral eta larunbat gaueko, uztailaren 3ko eta 4ko Santueneko kontzertuak zuzenean ikusi eta entzun ahalko dira streaming bidez. Hala jakinarazi du antolakuntzak. Zuzeneko emanaldiok Kultur Biraren erreferentziazko ataritik eskainiko dira; usurbilkultura.eus webgunetik hain zuzen.

Zuzenean ikusi ahalko dituzuen kontzertuen berri duzue segidan. Lau talde, haietatik bi herrikoak; Natali eta estreinako kontzertua eskainiko duen Ameba rock taldea. Haien bidelagun Liher eta Izaki Gardenak.

SANTUENEKO KONTZERTUAK
Uztailak 3, ostirala
22:00 Kontzertua Santueneko eskubaloi pistan: Ameba+Liher
“Batetik, Ameba rock talde usurbildar gaztea izango dugu: estreinako kontzertua izango da Enara Eizagirre, Jon Mikel Azpiazu, Malen Azpiazu eta Aritz Zabaletak osatzen duten boskotearentzat. Bestetik, Liher taldea “Hemen herensugeak daude” izeneko 3. lan luzearekin datorkigu. Amodioa, bortizkeria eta emakumearen bakardadea gai nagusi dituen fikziozko istorio bat kontatuko digute, rock astunaren oinarrietan”.
Sarrera: Herritar bakoitzak bi sarrera eskuratu ahal izango ditu, gehienez. Sarrerak eskuratzeko ekainaren 27ra arteko epea. Usurbilgo herritarrentzat bakarrik. 
Edukiera: 265 lagun.

Uztailak 4, larunbata
22:00 Kontzertua Santueneko eskubaloi pistan: Natali+Izaki Gardenak
“Natali Izagirre eta Ixak Arruti herrikideek gidaturiko proiektua Kultur Biran izango da. Pop-rock, rock-and-roll, hard rock, reggae, funk, soul… estiloak zipriztintzen dute 2018an kaleratu zuten Garena izeneko estreinako lana. Izaki Gardenak taldea Dena Oskol izeneko azken lana aurkeztera datorkigu. Estudioko laugarren lan horretan soula eta psikodelia ukituak txertatu dituzte: diskoa osotasunean konposatzeko apustua egin dute, single-ei ihes eginda”.
Sarrera: herritar bakoitzak bi sarrera eskuratu ahal izango ditu, gehienez. Sarrerak eskuratzeko ekainaren 27ra arteko epea. Usurbilgo herritarrentzat bakarrik. 
Edukiera: 265 lagun.

Informazio gehiago: usurbilkultura.eus