Etxe baten marrazkia eta norbera etxe barruan, maskaradun mundua, birusaren irudia "dena ondo aterako da!" mezu itxaropentsuarekin batera, mundua bereganatu duen covid19-a, koronabisuaren aurkako borroka... Oso argi adierazi dute marrazki bidez herriko haur eta gaztetxoek covid19-erak egindako osasun krisialdian bizitzen ari direna, goizean Oiardo Kiroldegian ospatu duten Kolore Festan.
Antolatzaileek bi galdera proposatuak zizkien, hitzordu honetan parte hartzekoak ziren haurrei; “zer da zuretzat koronabirusa? Nola pasatuko dituzu oporrak?”. Bietako bat hautatu eta galderak iradokitakoa marraztu behar zuten. Nola ez, bizi dugun osasun krisialdira egokitua izanik, abian den Kultur Biraren baitan hartzen ari diren prebentzio neurrien artean. Marrazteko materiala etxetik eraman behar zuten, ekainaren 27a baino lehen gaurko ekitaldirako izena usurbilkultura.eus atarian online emana zutenek.
Oiardo Kiroldegian ospatu dute marrazki festa, giro lasai ederrean. Bakoitza bere eserlekuan, antolakuntzak parte hartzaile bakoitzarentzat finkatua zuen eremuaren baitan. Amaieran oparitxo ezberdinak zozketatu ditu antolakuntzak parte hartzaileen artean. Sormen lanak frontoian izango dira ikusgai ostiral arratsalde honetako 20:00ak arte. Une horretan, egileei pilotalekura joan eta bakoitzak bere marrazkia hartzeko gonbita luzatu die antolakuntzak.