“Andatzaren bila dabil Mari, zuku magiko bat osatu nahian, eta zuen laguntza behar du! Mapa bat eskuan, herriko hainbat txokotan ezkutatuta dauden pertsonaiak eta arrastoak topatu eta deskubritu beharko dituzue". Hortxe Kultur Biraren antolakuntzak larunbat goizerako iragarria zuen familia planean parte hartu dutenei luzatu dien erronka.
Kaxkoan zehar lau puntuetan (Munalurran, Mikel Laboa eta Joxe Martin Sagardia plazetan eta Udarregi Ikastolako patioan) hainbat gaitasun dantza batean jarri dizkieten talde probatan aritu dira; trukean, ginkana berezi honen amaierarako hitz gakoa asmatu behar zuten. Dantzan, gurpildun aulkian, eta proba anitz gehiagotan aritu dira guraso eta haurrez osaturiko 10 bat talde goizean zehar.
Kultur Biraren gainerako hitzorduen antzera, bizi dugun osasun krisialdira egokituriko familia plana izan da larunbat goiz honetakoa. Talde txikietan aritu dira, goiz pasa lasai ederrean.