Usurbilgo Kultur Biraren baitan, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Miren Amuriza eta Amets Arzallus batu zituen larunbateko Oiardo Kiroldegiko bertso saioa omenaldian bilakatu zuen antolakuntzak. Ekitaldia hurbiletik eserita segitzen ari zen Inaxio Usarralde aginagarrari urteotan gai-jartzaile gisa eginiko lana goraipatu eta eskertu nahi izan zioten. Hamarkada luzeko ibilbide oparoari amaiera ematea erabaki baitzuen berriki.
Hunkituta jaso zuen aginagarrak bertso saioko antolatzaileek prestatua zioten ezustekoa. Beñat Gaztelumendik eskaini zizkion bertsoen ondotik, txalo artean igo zen oholtza gainera lore sorta jasotzera.
Amaia Agirre: "Guretzako ere eredu eta erreferente bat izan haiz"
Kiroldegiko bertso saioan gai-jartzaile lanetan zebilen Amaia Agirrek iragarri zuen emanaldian zehar, Usarralderi ematear zuten ezusteko gozoa. "Ni gaur hemen nagoen lekuan eta ari naizen lanetan beste pertsona bat aritu da urte asko eta askotan, ez Usurbilgo saioan soilik, baizik eta Euskal Herriko eta Gipuzkoako txapelketetan gai-jartzaile eta gai emaile lanetan".
Aurkezpenak eginda, Usarralderi bere erreferentzialtasuna azpimarratu eta esker hitzak helarazi nahi izan zizkion. "Nik ere gai jartzaile lekutik eskerrak eman nahi dizkiat. Askotan oharkabean pasako zaizkik halako gauzak, baina guretzako ere eredu eta erreferente bat izan haiz langintza honetan. Nire partetik ere eskerrik asko, eta denon partez jasotakoa".
Beñat Gaztelumendi: "Zenbat urteetan gure Inazio saio hontako nagusi"
Gai-jartzaile lanetan zen Amaia Agirrek bertso jaialdiko lau parte hartzaileen artean Beñat Gaztelumendi hautatu zuen Inaxio Usarralde omentzeko bertsoak abesteko. "Badakit zuk ere badaukazula bere berri eta ezagutzen duzula. Horixe duzu gaia; Inazio Usarralde. Gai-jartzaile lanari uzteko asmoa azaldu zuen duela zenbait hilabete. Gaur hemen gaudenez eta bera hemen dagoenez omenaldi edo detaile txiki bat egin nahi izan diogu zure izenean".
Gai-jartzaileak jarritako erronkari ezin egokiago erantzun zion Gaztelumendik. Egokien dakien moduan, bertsotan:
Zenbat urteetan gure Inazio
saio hontako nagusi
orain laugarren ilaran hortxe
sandalia eta guzti
hainbeste urteetan gai jartzailetzan
arrastoa dezu utzi
berdin jaialdi zein txapelketa
saioak ez ziren gutxi
oholtza gainean inoiz ez zaitut
horren urduri ikusi.
Gai jartzaileak hainbeste gauza
jakin du beretzat ematen
bertsolariak dena mikrora
degulako eramaten
saio askotan eduki zaitut
ta azkena final baten
gai-jartzaileak jakin behar du
entzule ere izaten
dena kolokan dagoenean
segurtasuna ematen
Hiru hamarkada luzeetan
egin dezu horrela itzela
oholtza gainean zenbiltzan jada
artean haurra nintzela
bejondeizula ta eskerrik asko
ze esan nezake bestela
baina uste det gaurkoa nahiko
aukera ederra dela
gai jartzailetza baloratzeko
merezi duen bezela.
Inaxio Usarraldek, Bota Punttubako bidelagunak gogoan
Usarralde eskerrak adieraziz, hunkituta jaso zuen ezusteko omenaldia. Jasotako txaloak eta aitortza bide hau jorratzen hasten izan zituen bidelagun usurbildar ezagunak gogoan hartu zituen. "Tola, Txingurri, Kerman, Nikolas. Geu aritu ginen Bota Punttuban eta handik atera nintzen ni eta handik bide hau egin dugu, Bertsozale Elkartean, bertsolariekin. Eskerrik asko denei. Hortik ereindako hazia da gure bidea, oso oparoa eta eskertzekoa. Eskerrik asko denoi, talde osoaren izenean".