Talde txikietan sakabanatuta eta aterpean baina gogotsu hasi dute ezohiko Udajolas

Bizi dugun osasun krisialdira egokituriko Udajolas abiatu berri da astelehen goiz honetan. Ezohiko irudia ikusi dugu 9:30etan. Aurreko urteetan frontoia izaten zen ia 200 haur eta gaztetxoren topagunea. Aurten frontoian elkarrengandik urrunduak zeuden hiru talde txiki baino ez ditugu ikusi. Bizi dugun osasun krisialdira egokituriko udako txokoak izango ditugu gaurtik uztailaren 30era.

Astelehen goiz honetan ez zen beste urteetako soinu eta haur mugimendurik. Edo bai, baina ez denak gune zehatz baten bueltan bilduak. Kaxkoan zehar talde txikietan sakabanatuta eta euriagatik aterpean hasi behar izan dute 2020ko Udajolas. 

Abian dira NOAUA! K.E.-k eta Usurbilgo Udalak prestaturiko udalekuak. Bisten denez, aurten bizi dugun osasun krisialdira egokituak. Antolakuntzak protokolo zehatz bat landu du, Eusko Jaurlaritzak aisialdi eremuko ekimenak baimentzeko ekaina erdialdera argitaraturiko dekretua abiapuntutzat hartuta. Ordura arte ezin izan zen erabaki Udajolas egiterik izango zen edo ez. 10 eguneko tartea baino ez zuten izan antolatzaileek Udajolas testuinguru "berri" honetara egokitzeko. Guraso bilerak egin zituzten argibide guztiak eskaintzeko, ama eta aiten zalantzak argitzeko. 

Talde bakoitza bere kasa
Tarte horretan, protokolo zehatz bat landu da asteotarako. Horren isla gaur goizean, Udajolas abiatu den astelehen honetan ikusi ahal izan dugun irudia. Aurtengoan maiatzean izena online eman zuten 4-12 urte arteko 140 haur, herriko txoko ezberdinetan sakabanaturiko talde txikietan antolatuta. Hala biziko dute aurtengo Udajolas. Gurasoek aurrez zehaztu zitzaien gune zehatz hauetako batera eraman beharko du haurra goizero eta Udajolas amaitzean gune beretik jaso beharko du. Talde bakoitzak bere dinamika propioa bideratuko du, eta talde bakoitzak bere kasa biziko du aurtengo Udajolas.

Aipatu moduan osasun krisialdi honetara egokituriko Udajolas abiatu dela aipatu dugu lerrootan. Protokolo bat ere prest dela, edozer gertatzen bada. Prebentzio neurri gisara, besteak beste, egunero etxetik atera aurretik haurrei tenperatura hartzea eskatzen zaie. Haurrak edo etxeko norbaitek sintomarik izanez gero etxean geratu eta antolakuntzari jakinaraztea. Udajolasera maskara eramatea. Hamarretakoa norberak berea, gainerakoekin partekatu gabe. Asteotan txangoak egingo dituzte urtero moduan, baina oraingoan herri barruan, Usurbildik ez dira irtengo. Covid19 kasurik diagnostikatuko balitz, kasua detektatu den talde txiki horren jarduna etengo litzateke hasiera batean. Baina ez da baztertzen halako egoera baten aurrean Udajolas etetea.

Momentuz ezohiko "normaltasun" honetan abiatu da gaur Udajolas, primeran pasatzeko gogo handiz, uztailaren 30era arte.

2020ko Udajolas
Epea: uztailak 6-30.
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 9:30-13:30 (ostegunetan irteerak Usurbilen barrena. Egun horretan amaiera 16:30etan).
Udajolas 2020-dokumentuak:
Gurasoek sinatu beharreko baimena
Udajolas 2020: protokoloa
Udajolas 2020: gida
Informazio gehiagorako: 
688 807 336
udajolas2020@gmail.com
https://noaua.eus/bereziak/udajolas
Antolatzaileak: NOAUA! K.E. eta Usurbilgo Udala.