Koronabirusa

Oiardo Kiroldegiko gune gehiago zabalik

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 9a, 09:40

"Deseskalatze" prozesuan urrats berriak eman ditu Oiardo Kiroldegiak; gaurtik zabalik dituzte aldagelak eta rokodromoa. Astelehenean (uztailak 13) sauna irekitzekotan dira. 

Covid19-ak eragindako osasun krisialdiak itxita izan du Oiardo Kiroldegia hiru hilabetez martxotik ekaina hasierara. Joan den hilabete hasieran gimnasioa eta igerilekuak zabaldu dituzten bizi dugun ezohiko testuinguru honetara egokituriko baldintzetan. Norabide horretan "deseskalatze" horretan urrats berriak iragarri ditu Usurbilgo Udalak. Ostegun honetatik (uztailak 9) zabalik izango dira gimnasioko aldagelak eta rokodromoa. Aipatu moduan, hauek ere ezohiko baldintzetan. 

"Rokodromoan hiru pertsona egon ahal izango dira, gehienez, ordubeteko txanda bakoitzean, eta aurrez hartu beharko da txanda, telefonoz. Gimnasioko aldagelei dagokienez, horren erabiltzaileek aldageletan dutxatzeko aukera izango dute, nahiz eta etxean dutxatzeko gomendioa egin duten. Aforoa mugatua izango da, eta dutxa erabilgarrien kopurua mugatu egingo da", iragarri du Udalak.

Datorren astelehenean (uztailak 13) bestalde, Kiroldegiko sauna irekiko dute. Hemen ere "erabilera kontrolatua izango da: ordubeteko txandak izango dira, hitzordua aurrez eskatuta telefonoz. Txanda bakoitzean erabiltzaile bakar batek egon ahal izango du".

Diru itzulketa
Covid19-ak eragindako osasun krisialdiaren eraginez, itxita izan da Oiardo Kiroldegia ekaina hasierara arte. Ondorioz bertan behera geratu ziren baita kiroldegiak eskaini ohi dituen zerbitzu guztiak, tartean izen ematearekin batera kobratzen diren ikastaroak. Udalak duela hilabete batzuk iragarri moduan, “Udalak eman ez diren (ikastaroen) orduengatik” ordu kopuru horri dagokion kuota zatia itzuliko die erabiltzaileei. Erabaki hau uztailaren 3ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen Udalak. Biharamunetik zenbatzen hasita erreklamazioak aurkezteko 30 laneguneko tartea egongo da. Tarte horretan alegaziorik aurkeztuko ez balitz behin betiko onartutzat joko da.

Pista itxita igandean
Gogoan izan, igandeko hauteskundeak tarteko, Kiroldegiko pista itxita egongo da igandean. Egun horretan, aurreko deialdietan Udarregi Ikastolan kokatu izan diren hauteslekuak gune horretara lekuz aldatuko dituzte, bizi dugun osasun krisialdiagatik.

Udako ordutegian
Uztailaren 1az geroztik udako ordutegia du indarrean Oiardo Kiroldegiak. Uztaila eta abuztu osoan zabalik izango da; baita larunbat arratsaldeetan ere. "Covid19ak baldintzatutako urte honetan, hiru hilabetez itxita izan da kiroldegia, eta hori konpentsatu nahi izan dute bi erabaki horiekin", berri eman du Usurbilgo Udalak.