Kiroldegiaren itxialdiko abonamendu zatia itzultzen hasiko dira egunotan

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 14a, 08:06

Kiroldegia itxita egon zen hiru hilabeteetan (martxoa-ekaina), eman ezin izan diren zerbitzuengatik dagokion abonamendu zatia itzuliko die Udalak erabiltzaileei. Ordainketok egunotan egiten hastekoa da Udala.

Konfinamendua hasi berritan erabaki moduan, covid19-aren eraginez Oiardo Kiroldegia itxita egondako hiru hilabeteei (martxoa-ekaina) dagokion abonamendu zatia itzuliko die Usurbilgo Udalak erabiltzaileei, eskaini ezin izan diren zerbitzuengatik; "tartean, Kiroldegiko abonamendu edo ikastaroengatik". Ordainketak egunotan egiten hastekoa dela iragarri du Udalak. "Uztaila amaitzerako ordainketa guztiak eginda izatea aurreikusten da".

Ikastaroekin gauza bera egina dutela azken asteotan, berri eman du Udalak. "Eman ez ziren orduen zati proportzionala jasoa dute dagoeneko erabiltzaileek. Abonamenduen kasuan, hamabi hilabetekoa izaten da, eta hiru hilabetez itxita izan denez, ordaindutakoaren laurdena jasoko dute erabiltzaileek (abonamendu motaren araberakoa izango da jasoko duten kopurua)". 

Pista zabalik berriz
Covid19-ak eragindako osasun krisialdiak erabilera anitzeko gunean bilakatu du asteotan Oiardo Kiroldegiko pista. Kultur Biraren ekitaldiak tarteko itxita egon zen uztailaren 2tik 4ra. Eta EAE-ko Legebiltzarra berritzeko joan den igandeko hauteskunde egunean ere bai. Hitzorduok igarota, egunerokotasunean zabalik izango da berriz Kiroldegiko pista. Ondoko irudian ikus dezakezuen moduan, bizi dugun ezohiko testuinguru honetara egokitzeko gimnasioaren gunea bilakatua dugu pistako eremu bat.

Irekiera prozesu betean
Covid19-ak eragindako osasun krisialdiak itxita izan zuen Oiardo Kiroldegia hiru hilabetez, martxotik ekaina hasierara. Joan den hilabete hasieran gimnasioa eta igerilekuak zabaldu dituzten bizi dugun ezohiko testuinguru honetara egokituriko baldintzetan. Norabide horretan "deseskalatze" horretan urrats berriak iragarri ditu Usurbilgo Udalak. Ostegunaz geroztik zabalik dira gimnasioko aldagelak eta rokodromoa. Aipatu moduan, hauek ere ezohiko baldintzetan. 

"Rokodromoan hiru pertsona egon ahal izango dira, gehienez, ordubeteko txanda bakoitzean, eta aurrez hartu beharko da txanda, telefonoz. Gimnasioko aldagelei dagokienez, horren erabiltzaileek aldageletan dutxatzeko aukera izango dute, nahiz eta etxean dutxatzeko gomendioa egin duten. Aforoa mugatua izango da, eta dutxa erabilgarrien kopurua mugatu egingo da", iragarri du Udalak.

Astelehen honetan bestalde, Kiroldegiko sauna irekitzekoak ziren. Hemen ere "erabilera kontrolatua izango da: ordubeteko txandak izango dira, hitzordua aurrez eskatuta telefonoz. Txanda bakoitzean erabiltzaile bakar batek egon ahal izango du".

Udako ordutegian
Uztailaren 1az geroztik udako ordutegia du indarrean Oiardo Kiroldegiak. Uztaila eta abuztu osoan zabalik izango da; baita larunbat arratsaldeetan ere. "Covid19ak baldintzatutako urte honetan, hiru hilabetez itxita izan da kiroldegia, eta hori konpentsatu nahi izan dute bi erabaki horiekin", berri eman du Usurbilgo Udalak.