Adi ohar honi; Etxealdiko zubia baliatzen duenak bide alternatiboetatik egin beharko ditu joan etorriak datorren astelehenetik, uztailaren 20tik aurrera. Lau astez itxita egongo da aipatu zubia, bertan egiten ari diren berritze lanengatik.
Pasa den aste hasieran abiatu zituzten lanak Gipuzkoako Foru Aldundiak. Sei astez luzatuko omen dira. Lehen bi asteotan, igandera arte zabalik izango da N-634 errepide gaineko pasabidea, "trabaren batekin ziur aski, eskilarak edo aldapa konpondu bitartean, bata edo bestea erabili beharko dute", Udalak ohartarazi duenez. "Zubira igotzeko eskilarak eta aldapa egokitzen aritu dira", Udaletik berri eman dutenez. Gero, datozen lau asteetan aipatu moduan, zubia itxita egongo da, "pasarela konpontzeko". Ondorioz, beste bide batzuk baliatu beharko dituzte orain arte Etxealdiko zubitik igaro ohi direnek. "Bizkarretik edo Zumartegi industriagunetik joan beharko dute oinezkoek tren geltokira edo Santuenea aldera", Udalak gogorarazi duenez.
Aspaldiko eskaera gauzatze bidean dela jakinarazi dute. "Hainbatetan eskatu izan dio Usurbilgo Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari Etxealdiako zubia konpontzeko, eta, azkenik, astelehenean ekingo die lanei". Egitura eta zoladura konponduko dituzte.