Mikel Laboa plaza eta Artzabal arteko bidea, oinezkoentzako egokitzeko lanak abian

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 14a, 15:33

Lau hilabete iraungo duten lanak bi eremutan bideratuko ditu Sasoi Eraikuntzak enpresak; Artzabalgo parketik Kontzeju Zarrak eta Zubiaurrenea kaleak bat egiten duten punturaino oinezkoak lehenestea izango dute helburu. Hortik gora, Mikel Laboa plazarainoko oinezkoen lotura hobetzea.

Bi guneok (frontoi atzealdea eta Artzabalgo parkea) lotzen dituen bidea oinezkoentzat egokitzeko lanak astearte honetan hastekoak ditu Sasoi Eraikuntzak enpresak. Lau hilabete iraungo dutela aurreikusia du Udalak. “Obra osoaren kostua 161.744,95 eurokoa da, eta ia erdia (%46,96, hau da, 75.950,86 euro) aurreztuko du udalak, irisgarritasuna hobetzeagatik Eusko Jaurlaritzak emandako dirulaguntza bat lortu baitu”, Udalak berri eman duenez.

Lanen eremua bitan zatitu du Sasoi enpresak. Batetik, Artzabalgo parke sarreratik Kontzeju Zarra eta Zubiaurrenea kaleek bat egiten duten guneko zebra bidea legoke. Tarte honetan, oinezkoei lehentasuna emateko lanak bideratuko dituzte. “Horretarako, Borda Berri kaletik behera doan kaleko espaloia, Zubiaurrenekoa eta Artzabalgo parke sarrerakoa batu egingo dituzte, modu horretara, parkeari presentzia handiagoa emateko. Zubiaurrenea kalea, orain arte, bi norabidekoa izan da, eta, aldaketekin, norabide bakarrekoa bihurtuko da (Borda Berri kaletik Zubiaurrenera eta handik gora joateko), eta, horrez gain, espaloia handitu eta eserlekuak eta zuhaitzak jarriko dituzte”.

Beste eremuan, Zubiaurreneatik Kontzeju Zarra kalean gora Mikel Laboa plazaraino egingo dituzten lanen xedea “oinezkoen konexioa txukuntzea da. Hala, berrituta, Mikel Laboa plaza Askatasuna plaza aldera hedatuko da: ibilgailuek jada, ez dute Mikel Laboa plazaren sarreran aparkatzeko aukerarik izango, dena maila berean berdinduta geldituko baita, galtzada-harri mota berarekin, eta hor ere zuhaitzak eta eserlekuak jarriko dituzte. Askatasuna plaza aldeko espaloian, lehorrean leundutako hormigoia botako dute, eta parekoan, berriz, baldosa hidraulikoa jarriko dute”.

Lanok eragozpenak eragin ditzakeela ohartarazi du Udalak, baina hasiera batean ez da kalerik itxiko; “aurrerago bai, baina orduan jakinaraziko dute”, ohartarazi du Udalak.