Musukoaren erabilera ezinbestekoa

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 16a, 07:23

Gauerditik aurrera maskara edo musukoaren erabilera derrigorrezkoa izango da EAE osoan, hala iragarri berri du Nekane Murga Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuak. Neurri gehiago ere bai, bereziki ostalaritzaren eremuan. Azken aldian, Covid19 kasu diagnostikatuen kopuruan izan den gorakadagatik argudiatu du neurri berri hau. Covid19-ak izan dezakeen eboluzioaren baitan, aurrerantzean ez du baztertu neurri gehiago hartzea.

Pandemiaren unerik gogorrenetan ere erakutsi ez duen itxuran agertu da gaurkoan Eusko Jaurlaritzaren osasun sailburu Nekane Murga hedabideen aurrera; pandemiari buruzko informazioa eskaintzeko martxoaz geroztik egunero egiten duen agerraldian lehen aldiz, maskara jantzita zeramala. Kazetariek galdetu diote zergatik daraman jantzita lehen aldiz agerraldiotan maskara; ia eredugarri izateko ote zen. Baietz erantzun du osasun sailburuak. Horregatik eta "uste dudalako une honetan oso garrantzitsua dela denok kontzientziatzea".

Murgaren esanetan, "birusa eremua irabazten ari da". Ohartarazi duenez, "asintomatikoki pertsona kopuru altua egon daiteke birusa hedatzen, kalean eta etxean daude". Arduraz jokatzeko deia egin du; "etxera eramaten ari direlako birusa".

Adierazpenotan oinarrituta, eta covid19-ak egunotan izandako eboluzioa ikusita, gauerdian indarrean jarriko dituen prebentzio neurri berriak iragarri ditu Murgak EAE osorako, baita honenbestez Usurbilerako ere. Ostegun honetatik bertatik aurrera, etxe berean bizi garen pertsonekin izan ezik, ezinbestekoa izango da maskara jantzita izatea gune publiko guztietan; bai eremu itxietan, nahiz irekietan, kalean. Ostalaritza guneetan, jan edo edateko une horretan soilik kendu ahalko da maskara. Egoki jantzita eramatearen beharra ere azpimarratu du Osasun sailburuak; sudurretik kokotserainoko aurpegi eremua estali beharko du. 

Ostalaritza guneetan 10 lagun baino gehiago ez
Ostalaritza eremuan (tabernak, jatetxeak, txoko gastronomikoak...) ere neurri murriztaile gehiago iragarri ditu Murgak; batetik, mahai baten bueltan ezingo dira 10 lagun baino gehiago elkartu. 

Ez du guztiz zehaztu-Eusko Jaurlaritzak datozen orduotan kaleratu dezakeen aginduan zehaztu dezakete- baina ostalaritza guneetako irekiera ordutegiak zabaltzeko emandako azken asteotako baimenak indargabe uzten dituela berri eman du osasun sailburuak; gaueko aisialdia aipatu du horri buruz ari zenean.

Terrazen eremuetatik kanpo, taldean edateko hautua egiten dutenei, Osasun Sailak ikuskizunak eta antzeko aisialdi ekintzak arautzen dituen legedia aplikatuko zaiela iragarri du, bizi dugun testuinguruan osasuna zaintzearen aurkako ekintzak direla aditzera emanda.

Neurri gehiago har ditzakete
Hondartza edota igerilekuetan, eremuotara sartu nahiz irteteko, edota guneotan paseatzeko ere ezinbestean maskara jantzita eraman beharko da. Toalla gainean etzanda gaudenean, pertsonen arteko metro eta erdiko segurtasun distantzia bermatzen bada, orduan ez, maskara gabe egon ahalko gara. 

Gauerdian sartuko diren neurri hauez guztiez gain, Osasun sailburuak ez du baztertu, norabide honetan erabaki gehiago hartu behar izatea etorkizunean. "Prebentzioa denon esku dago", gogorarazi du Murgak, bai erakundeen baita norbanakoen esku ere gogorarazi duenez.