Bi emanaldi eskainiko dira; bat goizeko 10:00etan, bestea 11:30etan. Uztailaren 22an, aipatu moduan eta Usurbilgo frontoian. Aissa Intxaustik, Arrate Sololuzek eta Eneko Intxaustik eskainitako bertso antzezlanean, "Galtzerdi eta Leotardo igerilekuan topo egin duten lagun bi dira. Ur bazterrean erdi gogaituta daudela, bihurrikeria bat otuko zaie: zergatik ez hondoko tapoia aurkitu eta igerilekua hustu? Eskura dauzkaten gauzekin urperatzeko jantzia prestatu eta isurbidearen bila abiatuko dira beraiek zelatatzen ari den sorosle petralaren begiradapean. Murgilaldian zehar etengabe egingo dute topo beren gorputzekin; bakoitzak berearekin nola, lagunarenarekin edo igerilekuko gainontzeko erabiltzaileenekin: umeak, helduak, adinduak, aniztasun funtzionala duten igerilariak... Askotariko sentsazioak izango dituzte (arintasuna, itomena, plazera, hozkirria...) eta lantzean gogoeta txiki bat egiteko aukera emango die sentitu eta ikusten ari diren guztiak".
Udajolas, talde txiki sakabanatuetan
Abian dira NOAUA! K.E.-k eta Usurbilgo Udalak prestaturiko udalekuak. Bizi dugun osasun krisialdira egokituriko Udajolas aurten. Sakabanaturiko talde txikietan biziko dute ekimenean izan emanda duten 4-12 urte arteko 140 haur eta gaztetxok, uztailaren 30era arteko dinamika. Bakoitzak bere txokoa du Kaxkoan goizean bildu, eguneko ekintzak burutu eta etxeratzeko. Asteroko irteerak aurten, Usurbildik atera gabe. Protokolo zehatz bat landu du antolakuntzak hainbat prebentzio neurrirekin, eta covid19 kasurik diagnostikatuko balitz, nola jokatu jakiteko, Eusko Jaurlaritzak eremu hau kudeatzeko ekainean argitaraturiko dekretua abiapuntutzat hartuta. Gai honi buruzko argibideak gurasoei eskaini zizkien antolakuntzak joan den hilean, Sutegin eginiko bileretan. Momentuz ezohiko "normaltasun" honetan abiatu da Udajolas, primeran pasatzeko gogo handiz, uztailaren 30era arte. Informazio gehiagorako:
688 807 336
udajolas2020@gmail.com
https://noaua.eus/bereziak/udajolas