Udalak osasun eta higiene irizpideak bete eta elkar zaintzera deitu ditu herritarrak

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 16a, 12:49

Ostegun honetatik aurrera maskara edo musukoa erabiltzea ezinbestekoa da, derrigorrezkoa, espazio publiko ireki nahiz itxietan. Inguruko herrietan bizi duten egoera aintzakotzat hartuta, Usurbilgo Udalak osasun eta higiene irizpideak bete eta elkar zaintzera deitu ditu herritarrak.

Gogoan izan, Eusko Jaurlaritzak aginduta, ostegun honetatik aurrera derrigorrezkoa da maskaren erabilera espazio publiko itxi nahiz irekietan, baita segurtasun distantzia bermatzeko aukera baldin badago ere. Inguruko herrietan bizi duten egoera kontuan izanda, Usurbilgo Udalak lasaitasunerako deia egin du "baina erlaxatu gabe".“Jarrai ditzagun osasun eta higiene irizpideak, eskuak maiz garbituz eta distantziak mantenduz. Orain arte bezala, jarrai dezagun arduraz jokatzen, erantzunkidetasunez. Elkar zaindu gaitezen”. Datozen orduotan mezua zabaltzekoa da Udala, etxe atarietan jarriko duten bandoaren bidez. 

Eremu itxi nahiz irekietan
Covid19-ak egunotan izandako eboluzioa ikusita, gauerdiaz geroztik indarrean dira pandemiari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzaren prebentzio neurri berriak EAE osoan, baita honenbestez Usurbilen ere. Ostegun honetatik bertatik aurrera, etxe berean bizi garen pertsonekin izan ezik, ezinbestekoa izango da maskara jantzita izatea gune publiko guztietan; bai eremu itxietan, nahiz irekietan, kalean. Ostalaritza guneetan, jan edo edateko une horretan soilik kendu ahalko da maskara. Egoki jantzita eramatearen beharra ere azpimarratu du Osasun Sailak; sudurretik kokotserainoko aurpegi eremua estali beharko du. 

Ostalaritza guneetan 10 lagun baino gehiago ez
Ostalaritza eremuan (tabernak, jatetxeak, txoko gastronomikoak...) ere neurri murriztaile gehiago iragarri ditu Jaurlaritzak; batetik, mahai baten bueltan ezingo dira 10 lagun baino gehiago elkartu. 

Ostalaritza guneetako irekiera ordutegiak zabaltzeko emandako azken asteotako baimenak indargabe utzi ditu osasun sailburuak.

Terrazen eremuetatik kanpo, taldean edateko hautua egiten dutenei, Osasun Sailak ikuskizunak eta antzeko aisialdi ekintzak arautzen dituen legedia aplikatuko zaiela iragarri du, bizi dugun testuinguruan osasuna zaintzearen aurkako ekintzak direla aditzera emanda. Honenbestez, kalean edan, ostalaritza guneen eremuan soilik edan ahalko da.

Neurri gehiago har ditzakete
Hondartza edota igerilekuetan, eremuotara sartu nahiz irteteko, edota guneotan paseatzeko ere ezinbestean maskara jantzita eraman beharko da. Toalla gainean etzanda gaudenean, pertsonen arteko metro eta erdiko segurtasun distantzia bermatzen bada, orduan ez, maskara gabe egon ahalko gara. 

Jaurlaritzak ez du baztertzen, indarrean jarri berri dituen neurri hauez guztiez gain, norabide honetan erabaki gehiago hartu behar izatea etorkizunean. "Prebentzioa denon esku dago", gogorarazi dute Osasun Sailetik, bai erakundeen baita norbanakoen esku ere.