Koronabirusa

Lankidetzaren balioa goraipatu dute Udalak, UEU-k eta Jakin-ek jardunaldien hasieran

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 16a, 14:36

Antolatzaileen auzkezpen edo harrera ekitaldiarekin abiatu dira ostegun goizean, Udalaren, UEU-ren eta Jakin-en elkarlanetik sortu diren UEU-ren 48. Udako Ikastaroen baitako "pandemiak, distopiak eta mundu berriak" Jakin Jardunaldiak. Lankidetzaren balioa azpimarratu dute hirurek Udarregi Ikastolan abiaturiko hitzorduak.

Agurtzane Solaberrieta, Usurbilgo alkatea: "Ohorea da guretzat halako bidaide bikainekin egitasmo partekatu honekin bat egitea "
"Ezin zuen bestela izan" Usurbilgo alkatearen esanetan gaurko jardunaldietan ahotan duten gaia; bizi dugun pandemia dute mintzagai nagusia. Izenburuak dioen moduan; "pandemiak, distopiak eta mundu berriak". Solaberrietak gogorarazi duenez, covid19-ak "biluzik utzi du sistema eta etorkizuna zalantzaz betea daukagu, garai honetan batez ere ziurgabetasuna da nagusi. Beraz badugu, zer aztertu, zer ikasi eta zer aldatu". 

Utopiaz jardun eta iruditegi berrien bila aritu ziren duela bi urte jardunaldiotan; "aurten aldiz distopiez jardungo dugu". Bere esanetan, "antza distopia baten barruan gaude"; baina "ziur nago distopia honek iruditegi berrietarako aukera erreala ere sortu duela, etorkizun hobe baten utopia; nola heldu biharko egunari". Eta galdera horri erantzuteko pentsalariak inoiz baino beharrezkoagotzat jo ditu.  

Berriki azken urteotako lankidetza hitzarmena berritu du Usurbilgo Udalak, UEU eta Jakin-ekin. "Ohorea da guretzat halako bidaide biakinekin egitasmo partekatu honekin bat egitea eta gainera gutxienik beste lau urtez jarraitzea", adierazi die Solaberrietak. Lankidetza "luzarorako izan dadila" espero du, biei eskerrak helaraztearekin batera; "erosoa, erraza, gustagarria eta zinez aberatsa baita zuekin lanean aritzea".

Lankidetza hitzarmenak bakoitzaren egitekoa zehazten du. Usurbilgo herriak espazioa eskaintzen die jardunaldi hauei. "Ez gara soilik ari areto batetaz, herriaz ari gara. Guri herria eskaintzea dagokigu eta gure herria eskaintzen dugu hausnarrerako, ezagutzarako, jakinminerako, zer esanik ez pentsamendu askerako eta garai hauetan are beharrezkoagoa dugun gauzak birpentsatzeko eta birformulatzeko". 

Kepa Sarasola, UEU-ren lehendakaria: "Oso pozik gaude Usurbilen eta Jakin-ekin hau partekatzen"
Ildo beretik mintzatu da baita UEU-ren lehendakari Kepa Sarasola. "Udalarekin eta Jakin-ekin sortu dena benetan emankorra da". Laugarren edizioa izan eta ezagutza eta euskara ardatz duten jardunaldion antolaketa lanez arduratzen da UEU, urte garai honetan eskaintzen dituen udako ikastaroen baitan. "Oso pozik gaude Usurbilen eta Jakin-ekin hau partekatzen, Usurbil kultura aldetik paradisu txiki bat delako". Sarasolak hainbat sortzaile herritar aipatu ditu adibide moduan; Udarregi, Joxan Artze, Ez Dok Amairu, Zumeta, Pello Zubiria, Jakoba Errekondo, Idoia Torregarai... Teknologikoki ere udalerri hau paradisutzat jo du, Usurbilgo kultur ondarea modu irisgarrian ezagutzeko Harria Hitz ibilaldi gidatua ere goraipatuta. 

Udalarekin batera Jakin-ekin bideraturiko lankidetza ere nabarmendu du Sarasolak. "Jakin izan zen batuaren alde apustua egin zuen lehen komunikabidea. Hemen dago beti hausnarketa eta eztabaidaren aitzindari moduan", UEU-ren ikastaroen aldarri eta sare sozialetako traola den "Elkarrekin" leloarekin bat eginez. "Horixe da hemen egiten duguna eta horretan oso gustura gabiltza". Lankidetza sustatu beharrekoa dela deritzo; "sinergiak bilatzea oso garrantzitsua" deritzo, eta horrekin "ezagutza eta euskararen garapena sustatzea".

Bide horretan garrantzitsutzat jo du, ospaturiko jardunaldiek emandakoa jasotzeko sortzen den materiala; bai testu bidezkoa, nahiz ikus-entzunezkoak, eta sortzen den materiala ere jendearen eskuragarri jartzea.

Xabier Eizagirre, Jakin-eko kidea: "Nola edo ahala gai honi heldu behar zitzaion"
Udala eta UEU mintzatu diren ildo beretik adierazi du Jakin-eko kide Xabier Eizagirrek, "guretzat plazerra eta ohorea da laugarrenez Usurbilgo Udalarekin eta UEU-rekin jardunaldi hau antolatu izana". Izatez beste gai bat lantzen ari ziren aurtengo jardunaldirako, "baina martxoan hau guztia lehertu zenean, ez zegoen beste erremediorik eta nola edo ahala gai honi heldu behar zitzaion". Duela bi urte utopiei heldu ostean gaur distopiei. "Utopiak distopiak aurrez aurre, sistemaren arrakalak eta akatsak hor daude, azaleratu dira, azaleratzen ari dira, alternatibak eta diskrutso berriak. Horretan jardun behar dugu lanean eta guk horretarako plataforma eta espazioa eskaini nahi diegu Euskal Herriko aditu eta arituei".

Maiatzean "Erreminta Kaxa" deiturikoan gai hau ertz eta diziplina ezberdinetatik jorratzen zuten 8 kolaborazio bildu zituzten jakin.eus atarian. Ostegun honetako jardunaldiok antolatu dituzte eta gaurko hitzaldien emaitzekin udazkenean zenbaki monografiko bat osatuko dute. 

Jardunaldiotarako izena eman dutenek modu presentzialean eta online parte hartzen ari dira lehenbiziko aldiz. Eizagirrek guztiei adierazi die "milesker animatu zaretelako eta bakarrik utzi ez gaituzuelako ahalegin honetan". Haiei guztiei zuzenduta adierazi die, "denon laguntzarekin eta parte hartzearekin hemendik osasuntsuago eta jakintsuago aterako garela ziur gaude".