Sareren "Izan bidea" ekimena

Euskal presoen egoera konpontzeko Zubietako itzulia larunbatean

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 17a, 09:40

Euskal presoek auzia konpontzea eskatzeko Zubietako itzulia antolatu du larunbateko Sarek, bilguneak berak abian duen "Izan Bidea" ekimenaren baitan. 17:30etan Mikel Laboa plazatik abiatuko den herri itzuliak, "motxiladun haurren" errealitatea islatuko du; bereziki, Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga eta haien alaba Xua herrikideek bizi duten egoera. Euskal Herriak dituen biztanle adina kilometro egitera animatzen dute asteotan, oinez, lasterka, bizikleta gainean...

Erronka berri bat finkatu du Sarek; Euskal Herriak dituen biztanle adina kilometroko bidea egitea; guztira, 3.127.326 kilometroko bidea hain zuzen. "Etxerako bidea, elkarbizitzarako bidea, bakerako bidea". Helburu argia du, "Izan bidea, ibiltarien sarea" izenburupean Sarek abian jarri duen dinamika berriak; "euskal preso eta iheslarien egoerari irtenbidea emateko urratsak eman eta kilometroak egitea da asmoa, herri honen elkarbizitzaren eta bakearen aldeko ibiltarien sare erraldoia osatuz". Oinez, bizikleta gainean, korrika, dantzan... 

Dinamika honen baitan, Zubietako itzulia oinez egiteko hitzordua finkatu du Usurbilgo Sare taldeak larunbat honetarako (uztailak 18). Arratsaldeko 17:30etan Mikel Laboa plazan elkartu eta bertatik oinez "Kalezarrera joko dugu, handik Troiara... Zubietako buelta osatuko dugu, azken batean. Eta itzuli, Santuenetik barrena itzuliko gara". Trikitilariek girotuko dute ibilaldia. 

"Gure kasuan, ‘Izan bidea’ ekimena Motxiladun umeekin lotu nahi dugu. Herri honetan bizi dugun errealitate bat hori delako. Xua dugu Usurbilen; kartzelatik atera zenetik behin bakarrik ikusi ditu gurasoak. Eta Xuaren amak, Olatz Lasagabasterrek, data hauetarako espero du bigarren umea", adierazi dio Usurbilgo Sarek aste honetako aldizkarirako NOAUA!ri eskaini duen elkarrizketan.

Kilometroak zenbatzeko aplikazioa
Sarek argitara eman eta albiste honi atxikia duzuen bideoan bakarka nahiz taldean parte hartzeko gonbita luzatzen digute. "Aukera eder baten aurrean gaude. Edozein tokitan zaudela, mugitu, eragin. Zailtasun guztien aurrean irudimenez, aurrera egiteko beldurrik gabe. Itsasoak, urak eta lurrak bat egiten duten lekuan bizi nahi dugulako aske, elkarrekin. Izan gaitezen bidea, elkarbizitzarako eta bakerako bidea. Etxerako bidea". 

Sarek aplikazio bat sortu du, banaka nahiz taldean egindako kilometro guztiak zenbatzeko. Helbide honetan jaitsi dezakezue: https://play.google.com/store/apps/details?id=eu.akting.sareherritarra

Horrekin batera, "Izan Bidea" kanpainari dohaitzak egiteko aukera dago, kamisetak eta maskarak ere salgai jarri dituzte. Kamisetok jantzita, edota ahoz dinamika hau lau haizeetara zabaltzeko deia egin du Sarek. Sare sozialen bidez ere bai, #IzanBidea edo #IbiltarienSarea traolak baliatuta.

Bizikleta martxa
Dinamika honen bueltan, hiru eguneko hirugarren bizikleta martxa ere antolatu du Sarek. Iaz bai, aurten ez da Usurbildik igaroko, baina Buruntzaldeko beste udalerri batzuk zeharkatuko ditu. Uztailaren 23ko etapa Lekunberrin abiatu eta Hernanin amaituko da, Andoain eta Urnieta zeharkatu ostean. Nahi dutenek abiapuntuan edota Andoainen bertan bat egin dezakete martxarekin. Uztailaren 25ean bestalde, espetxeak eta hiriburuak lotuko dituzten lau etapa iragarri ditu Sarek; Gipuzkoakoa, Martutene eta Donostia artean egingo da. Ekimenean parte hartzeko izena eman aurrez, helbide honetan: http://sare.eus/izan-bidea/bizikleta-itzulia/

Informazio gehiagorako: http://sare.eus/izan-bidea/