Koronabirusa

Udalaren bandoa: "Orain arte bezala, jarrai dezagun arduraz jokatzen, erantzukidetasunez"

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak dekretu bidez, gune ireki nahiz itxi guztietan musukoen erabilera derrigortzea erabaki du. Horren harira, "lasaitasunerako deia egin du Udalak, erlaxatu gabe", etxe atarietan jarri duen bandoan.

"Elkar zaindu gaitezen", hortxe bando bidez Usurbilgo Udalak eskatu duena. Hilabeteotan egindakoari jarraipena ematera galdegin du Udalak etxe atarietan jarri duen adierazpenean; "orain arte bezala, jarrai dezagun arduraz jokatzen, erantzukidetasunez". Osasun eta higiene irizpideak betetzen segitzeko deialdia egin du, elkar zaintzera.  

USURBILGO UDALAREN BANDOA
Usurbildar hori: 
Covid19 birusa dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak dekretu bidez agindu du maskararen derrigorrezko erabilera, kasu guztietan, leku ireki zein itxietan, distantzia bermatzeko aukera egonda ere. Usurbilen, gaur-gaurkoz, ez dago kasurik, baina bai inguruko herrietan.

Hori dela eta, lasaitasunerako deia egin du Udalak, baina erlaxatu gabe: jarrai ditzagun osasun eta higiene irizpideak, eskuak maiz garbituz eta distantziak mantenduz. Orain arte bezala, jarrai dezagun arduraz jokatzen, erantzukidetasunez.

Elkar zaindu gaitezen.


Musukoaren erabilera derrigorrezkoa
Espazio ireki nahiz itxietan ezinbestekoa da musukoa jantzita izatea ostegunaz geroztik. Hala erabaki zuen bezperan Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, uztailaren 16ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaraturiko dekretu bidez. "Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero" ekainaren 18an plazaturiko dekretua eguneratu dute egunotan. Dekretu berriak aldaketa nagusiok biltzen ditu:

-Pertsonen arteko tartea edozein dela ere, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea, bai bide publikoan eta aire zabaleko espazioetan, bai erabilera publikoko gune itxietan edo jendearentzat irekita dauden lekuetan, eta espazio berean beste pertsona batzuekin elkartu daitekeenean.

-Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuetan, tabernak eta txokoak barne, maskara erabiltzeko betebehar hori jateko edo edateko unean bakarrik kentzen da. Bestela, erabili egin beharko da.

-Hondartzetan eta igerilekuetan, bainua hartzen ari garen bitartean edo eremu zehatz batean bagaude, ez da beharrezkoa izango maskara erabiltzea, betiere erabiltzaileen arteko segurtasun-tartea errespetatu badaiteke. Hondartzetan eta igerilekuetan joan-etorriak egiteko eta paseatzeko, maskara erabili beharko da. Pertsona-taldeek gehienez ere hamar lagunekoak izan beharko dute, eta pertsonen arteko tartea errespetatu beharko dute beti.

-Derrigor maskara behar bezala erabili behar da, sudur-trenkadaren zati batetik kokotseraino (barne) estaliz.

-Erabili beharreko maskara motak ez du arnasa egiteko balbularik izan beharko, salbu eta maskara mota hori gomendatuta egon daitekeen erabilera profesionaletan.

-Establezimendu, espazio edo lokalen titularrek bermatu beharko dute beren espazioetan bete egiten dela betebehar hori.

-Ostalaritza guneetan: "ez da ordutegiak luzatzeko baimen berririk emango jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren euskal erregelamenduaren 37. artikuluaren babesean, eta eman direnak indarrik gabe utziko dira".

-Ostalaritza guneetako "edukieraren muga kentzen da, baldin eta bermatzen bada 1,5 metroko distantzia fisikoa dagoela mahaien artean edo, hala badagokio, mahai-multzoen artean. Gehieneko okupazioa hamar pertsonakoa izango da mahai edo mahai-multzo bakoitzeko".

-Debekatuta dago gazte-lonjetan eta antzeko ezaugarriak dituzten lokaletan edozein jarduera egitea.

-Ostalaritzako establezimenduak edo antzekoak ez diren espazio publikoetan edo kalean taldean edatea osasungaiztasun-egoeratzat hartuko da.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren dekretua osorik hemen: EHAA, uztailak 16