Kultur Bira

Biharko Herri Kirolen Egunerako prest

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 18a, 08:20

Usurbilgo Kultur Birak tartea egingo die herri kirolei igande honetan. Sega eta harri jasotze txapeketak, giza proba eta idi-dema antolatu ditu Usurbil Herri Kirol Taldeak uztailaren 19rako. Bi eskenatoki izango ditu egunak; bat ondoko argazkikoa, Udarregi Ikastola pareko belardia. Bestetik, herriko plaza. Ekitaldiotarako izen ematea itxita dago jada. Biharko prestaketa lanak agerikoak dira jada.

Pandemiarik gabeko ohiko testuinguruan Usurbilgo festak izan bagenitu, jaien bueltan ospatuko zuten, baina aurten covid19-ak egunez aldarazi dizkie hitzorduak. Halere, “Usurbili dagokion moduan, kirolari eskainitako jai egun borobil bat izaten ahalegindu gara”. Eguna eta antolaketa modua bizi dugun osasun krisialdira egokitu behar izan dute. Ezinbestean modu honetan ospatu beharra dagoen arren, “dizdira kenduko dio jaialdiari”, adierazi digute Usurbil Herri Kirol Taldetik. Berez, Usurbilgo jaiak ospatu izan balira, uztailaren 5ean izango zen Herri Kirolen Eguna. Egun horretarako prestaketa lanak abiaraziak zituzten urte hasieran. Otsailerako hitzordu bat baino gehiago lotuak.

Jaialdiak Kultur Biraren baitan txokoa aurkitu du hilaren 19an. Egunez haratago, argi zuten non ospatu behar zen jaialdia. “Herri kirolak izanik, herriko plazan”. Aktan ere hala jasoa gera dadin, eta hartara, “Usurbili halako ohore bat emateko”; are gehiago, bizi dugun ezohiko testuinguru honetan. Eguneko ekitaldiak “grabatzea eskatu dugu”. Egindakoa gorde eta etorkizunean oroitzeko.

Egitekoak
Igandean, goizetik arratsaldera herri kirolei eskainitako eguna izango dugu Usurbilen. Hasteko, koadrila ederra batuko da segan Udarregi Ikastola pareko belardian; 26 lagun inguru. “Neurtutako sail bat eman eta zeinek denbora gutxiagoan txukunago egin”, hortxe segalarientzako erronka. Txukuntasuna izango da irizpide puntuagarri nagusia.

Handik plazara, Gipuzkoako Harri Txikien txapelketa. 3 minututan, 3 harri txiki zeinek gehiago altxa, hura txapeldun. 8 izen handi gonbidatu dituzte hitzordura. “Lan baten ondorioa izan da”, Usurbil Herri Kirol Taldearen esanetan. ETB bertan egotekoa da. Eguraldi txarrarekin frontoian ospatuko litzateke.

Herritarrak giza proban

Jaialdia borobiltzeko bazkalostean idi dema, antolakuntzak berri eman duenez. Aurretik lau herritar ariko dira harriari tiraka giza-proban. 20 minutuko saioan ahalik eta zinta gehien egiten ahaleginduko dira. Egunotan afalorduan plazan ikusiko zenituzten entrenamendu saioetan, denak herritarrak. Erronka honetarako batu dira, prestatzaile lanetan ari den Txomin Alkorta Sarriegiren esanetara. “Espainiako sega txapelduna”, segalari oso onen aurka lehiatua, Usurbil Herri Kirol Taldetik oroitarazi dutenez. Orain giza-probako laukotea prestatze lanetan dabil.

Erronka, Usurbil Herri Kirol Taldeak Bizkaia aldean dituen zaletuen eta iazko azaroaren 1ean Usurbilen bertan lehiatu zirenen eskutik sortu zen. Bizkaiara harri handia nola mugitzen zuten ikustera gonbidatu eta herrian taldetxo bat osatzeko harra piztu zitzaien. Harri handia mugitzeko sei lagun behar zituzten, baina zaila zela iritzita, “1.800 kilokoa tiratzeko lau tiratzaileez” osaturiko taldea jarri zuten helburu gisa. Hortik sortu zuten taldea igande honetako erronkarako.


Protokoloak
Ezohiko segurtasun eta higiene neurriak hartu ditu antolakuntzak Herri Kirolen Egunerako. Ekitaldi bakoitzean kirol jarduera ezberdin bat plazaratuko denez, bakoitzak protokolo propioa izango du, nahiz oro har, neurriak beretsuak izan kasu guztietan. Kirolari parte hartzaileak osasuntsu dauden agiria aurkeztuko dute, ekitaldiak abiatu aurretik tenperatura hartuko zaie.

Kultur Birako gainerako hitzorduetan gertatu den moduan, usurbilkultura.eus atarian erregistratua egon, jaialdiko ekimenotarako izena eman eta sarrerak egokitu zaizkien ikus-entzuleek ospakizun guneak izango diren Udarregi Ikastolako belardi parera nahiz frontoi ondoko plazara hurbildu aurretik bi “segurtasun lerro” zeharkatu beharko dituzte. Udarregi Ikastolara heltzeko Oiardo Kiroldegi parean kokatuko dute sarbidea. Frontoi ondoko plazan sartzeko gunea Sutegi parean. Inprimatuta nahiz mugikorrean, sarreren QR kodea erakutsi beharko da lehenik, gel hidroalkoholikoarekin garbitu beharko dira gero eskuak. Eta barrura. Sega txapelketa zutik ikusteko eskaera egina du Usurbil Herri Kirol Taldeak.

Plazako ekitaldiak bai, bueltan jarriko diren harmaila eta eserlekutan jarrita ikusi ahalko dira. Giro euritsua bada frontoian. Beti, ikusleen arteko segurtasun distantzia bermatuta. Herri kirolen jaialdiaz gozatzeko huts egin ezingo den araua; musukoa edo maskara jantzita joan.


HERRI KIROLEN EGUNA
Uztailak 19, igandea
10:00 Sega txapelketa Udarregi Ikastola aurreko belardian.

12:00 Gipuzkoako Harri Txikitako Txapelketa herriko plazan.
Partaideak: Manex Aburuza Alduntzin, Iraitz Arruti Artetxe, Iñigo Eizagirre Askaray "Eiza", Gorka Etxeberria Ikutza, Aimar Irigoyen Jauregi, Hodei Iruretagoiena Uria "Izeta IV", Mikel Lopetegi Gereka "Urra", Xabat Olaizola Arizti.
-3 minutuko txanda harri bakoitzarekin: garailea kilo gehien altxatzen dituena izango da.
-Harriak: 125 kg Kopa (10 arroa), 112,5 kg. kubikoa (9 arroa), 100 kg. bola (8 arroa).

18:00 Giza proba. 4 gizonezko 1.800 kiloko harriarekin. Partaideak: Gabriel Sarasola Ibargoien, Aitor Alkorta Etxeberria, Iñaki Portularrume Unanue, Iurgi Mendiluze Zuloaga eta Txomin Alkorta Sarriegi.
Ondoren, dema. Inaxio Telleria eta Jose Ramon Olazaranen idiak. 

Ekitaldiotarako izen ematea eta informazio gehiagorako: 
usurbilkultura.eus
943 371 999

Antolatzailea: Usurbil Herri Kirolen Taldea eragile gehiagorekin elkarlanean.